Zabaletako merkataritaritza gunearen proiektuari hasierako onespena eman dio Udalak

Amagoia Lasagabaster 2007ko ots. 9a, 18:07

Zabaletako merkatal guneak, Arrasateko Udal batzarraren babesa jaso du. Egitasmoak aurrera eginez gero, gune horretan dauden hainbat fabrika bota beharko dituzte.

Astelehenean, otsailak 5ean,  egindako batzarrean, plan berezia egiteko onespena eman zioten proiektuari. Bestalde, ibarreko merkataritza elkarteez gain, proiektuarekin zuzenean kaltetutako batzuk ere ez daude oso pozik.

Hartutako erabakiak

Tokiko Gobernu Batzarrean, plan bereziaren onespena egiteaz gain,  hainbat zehaztasun ere egin zituzten. Horien artean, nabarmentzekoak, adibidez, Ibaiondo baserria ez botatzea erabaki dutela eta han dagoen beste baserri bat, Zabaleta ere bere horretan geldituko dela.

Udalak onartu du baita ere, proiektua jendaurrean dagoen bitartean Eusko Jaurlaritzari beharrezko txostenak eskatzea jakiteko ea posible den onartutakoa Zabaletan betetzea.

Horrez gain, Ibai Arteri, aukera emango dio merkataritza guneak harengan izango duen eragina aztertuko duen txostena egiteko, gero Udalari emateko. Era berean, Udalak txosten propioa egingo du. Hala, alkatearen esanetan, txosten guztiak eskuan dituztela aztertuko dute berriz ere gaia. Izan ere, azken hitza osoko bilkuran hartu beharko dute gehiengo osoz. Goienkariari adierazitakoaren arabera, Iñazio Lakuntzak aukera aparta ikusten du merkataritza gunean egiteko. Aisialdirako dagoen eskariari erantzuna emango diola dio, besteak beste.

Kaltetuen jarrera

Kaltetuak, hala ere, ez daude horren konbentziturik. Onartutako plan bereziaren arabera, merkataritza gunea eginez gero, Epele Galdarategia eta inguruko hiru fabrika bota beharko dituzte. Hiru baserri ere badaude eta horiek beharbada lursailen bat galdu arren, bere horretan jarraituko dute.

Goienkariak gainera, gaur kaleratutako alean, merkataritzagunea zer-nolako izango den ere aurreratzen digu.

Eraikin modernoa

Bi solairutako eraikin modernoa egitea planteatu du Txomintxo promotoreak. Beheko solairuan ipiniko dituzte elikadurarekin eta etxerako eta pertsonendako ekipamenduekin lotutako saltokiak eta goian izango dira jatetxeak eta bestelako aisialdirako gunean. Horrez gain, eraikinak lur azpiko aparkalekua izango du 1670 autorendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak