Zabaletako merkatal gunearen kontra azaldu dira denda asko

Maider Arregi 2006ko abe. 13a, 16:41
Debagoieneko merkatariek protesta egin dute gaur, abenduak 13, Zabaletan egin nahi den merkatal zentroa salatzeko. Hala, Arrasate, Bergara eta Aretxabaletan, beltzez estali dituzte erakusleihoak eta zenbait kartel ere jarri dituzte. Oñatin, berriz, Txanda Elkarteko kideek adierazi digutenez, abenduaren 23 eta 24ean erakusleihoetako argiak itzaliko dituzte.


Protesta hau bi egunez luzatuko da.  Gainera, ez da izango Debagoieneko dendari elkarteek aste honetarako antolatu duten ekintza bakarra. Aste bukaeran esaterako, erakusleihoetako argiak itzaliko dituzte. Ekimen honekin, merkatal gunea eraiki ezkero, kaleetan sortuko litzatekeen hutsunea irudikatu nahi izan dute.


Goiena Telebista Ibaiarte Elkarteko kideekin izan da. Elkarteko kideen ustez pilotalekua edo Laubide plaza eraiki zirenean aukera garrantzitsuak galdu zituzten merkatal gune bat eraikitzeko. Baina argi utzi nahi dute oraindik kaleko komertzioa eta bizitza suspertzeko aukera badagoela.

Dena den, protesta egiteko arrazoi bakarra ez dela esan dute Ibaiartekoek. Izan ere, euren hitzetan, Arrasateko Udalak kaleko bizitza komertziala hiltzen dihardu azken urteotan. Horren adibide Eroski handiago bat egitea edota azokaren egoera direla adierazi dute.


Debagoieneko dendarien proposamenak

Kezka adierazteaz gain, egoera horri buelta emateko hainbat proposamen ere aurkeztu dituzte ibarreko dendariek. Izan ere, proiektuaren onarpena atzera dadin eskatu dute. Eredu herrikoiagoa nahi dutela adierazi dute, "modernotasunetik aldendu gabe, baina ez hain eredu amerikanoa". Bestalde, argi utzi dute merkatariak ez daudela saltoki handien aurka, herri-guneetatik kanpo egitearen aurka baizik.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak