Eta ez hori bakarrik, "debekatu" egin dute, baita ere, beste honako jarduerak egin edo sortzea: zine areto edo antzokiak, bolatokiak, makina zibernetikodun jolastokiak, billar eta antzekoak eta umeendako jolastokiak.
Horrez gain, etxebizitzarik ere ezingo da eraiki; ezin izango da zabaldu pertsona edo etxeetako ekipamendura zuzendutako edozein tamainako merkataritza jarduerarik eta industria astunik ezin izango da han kokatu.
Hotela edo dantzalekua, bai
Aldiz, eraiki ahal izango dira honako negozio hauek: ostalaritza (goi mailako sukaldaritza); hotela; gimnasio, sauna edo antzekoak eta diskoteka edo dantzalekua.
Horrekin batera, negozio txikiagoak ere onartuko dituzte, adibidez: farmazia eta parafarmazia negozioak, produktu naturalen dendak, animalien dendak, prentsa eta aldizkarien saltokiak, fotokopisteria eta antzekoak eta kutxazain automatikoak.
Hori guztiori zehazteko, Arrasateko Egitamu Orokorra, hau da, Arrasateko lurzoruaren antolamendua ordenatzen duen araudia aldatzea onartu du asteon udal gobernuak.
Aldaketok jendaurrean daude orain, gura duenak alegazioak aurkez ditzan.
Eredua aldatu beharra
Ino Galparsorok, Arrasateko alkateak Zabaletaren gaineko erabaki azaltzeko zera aditzera eman du: "Azalera handiak eta kontsumorako planteamenduak ez dira eredu egokiak, ez dira onargarriak. Besteak beste, herriari bizitza kendu egiten diote eta gainera, Europako hainbat lekutan halakoak kentzen dabiltza, eredu horri buelta ematen dabiltza. Erosketetarako eta aisialdirako eskaintzen diren guneetan eboluzioa gertatu da. Beraz, gu ez gara hasi behar bultzatzen eredugarri ez diren eremuak".
Eroskirena, geldi
Bestalde, merkataritza-guneekin lotuta, Arrasateko Udalean bada beste proposamen bat, kasu horretan Eroskik eginda daukana. Hain justu, Musakolako Eroski hipermerkatuak baimena eskatuta dauka saltoki hura handitzeko.
Bada horren gainean Galparsoro alkateari galdetuta, hark aditzera eman du kontu hori "geldi" dagoela. Emandako xehetasunen arabera, momentuz, Eroskik ez du berriro erakutsi Arrasateko hipermerkatua handitzeko asmorik.