XXII. Jokin Zaitegi Sariketaren deialdia egin dute

Usoa Agirre 2008ko aza. 6a, 10:31
Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XXII. Jokin Zaitegi Sariketa antolatu dute. Aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko da sariketa. Hemen dituzue oinarriak:

1. 2008an Suediako Akademiak Jean-Marie Gustave Le Clézio idazle frantsesari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Le Clézio-k idatzitako Désert (Basamortua) eleberria itzularaztea da.

2. Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, obraren lehenengo orriak euskaratu beharko ditu, eta egindako lan horrexen hiru kopia bidali AED Elkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate), 2008ko abenduaren 15a baino lehen; ez da itzultzailearen izenik agerian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak eta telefonoa gutunazal itxi baten barruan adieraziko dira, eta sobre horren azalean goiburu bera errepikatu.

3. Lehen orri horiei dagokien jatorrizko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku, hauek eskatu ahala –telefonoz, idatziz nahiz e-mailez–. Jokin Zaitegi Sariketaren inguruan gehiago jakiteko sartu Elkar Argitaletxearen webgunera.

4. Iñigo Errastik, Mikel Garmendiak eta Kattalin Totorikak osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2009ko urtarrilaren amaiera baino lehen. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko dute. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

5. Irabazleak 7.500 euroko saria irabaziko du Désert (Basamortua) eleberria osorik itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2009ko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

6. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Désert (Basamortua) eleberria euskaraz, eta 2009ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaileez gain, Kutxa babesleak ere dagokion tokia izango du edizioan.

7. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Harremanetarako:
liburuak@elkar.com 943 31 02 67
aed@aedelkartea.com 943 77 12 28

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak