Xabin Arriola: "Hemen badira izen handiko lasterketak, baina gurea gauez da"

Xabier Urtzelai 2010eko urriaren 22a

Gaur, egubakoitza, 20:00etan egingo dute Tafydeko II. gaueko krosa, Arrasaten. Ferixalekuan hasiko dute gaueko krosa, eta antolatzaileak 19:50ak arte izenak hartzen egongo dira; hantxe egongo da Xabin Arriola.

Gorputz eta ekintzen sustapeneko zikloko ikasle eta irakasleek (Tafyd) bigarren urtez antolatuko duzue gaueko krosa. Ze helbururekin?
Iaz lasterketa lehenengoz antolatu genuenean helburuetako bat izan zen jendeari helaraztea ibarrean badela kirolera bideratutako ikasketa ziklo bat, urtero 20-25 ikasle izaten dituena, eta etorkizunean kirol monitore bilakatuko direnak.
Tafydeko ikasketak ezagutarazi nahi genituen, eta, kirol arloan mugitzen garenez, kirol hitzordu bat antolatzea bururatu zitzaigun; izan ere, kirol hitzordu bakarra ere ez dago soberan.

Debagoienean badira hainbat herri lasterketa. Baina gaurkoa gauez da.

Iaz garbi geneukan gurean badirela caché handiagoko probak, eta guk zerbait berezia egin behar genuela. Ibili ginen pentsatzen Urkulun gauez lasterketa bat antolatzea, baina azkenean Arrasateko gaueko krosa egitea erabaki genuen. Urkulukoa polita izan zitekeen, baina erronka handiagoa zen, han ez dagoelako argirik.

Zuek, behintzat, antolaketa lanetarako ez duzue arazorik izango. Ikasleak jarriko dituzue lanean...
[Barre] Bai, izango dugu euren laguntza, bai. Ez dugu ikasgai moduan hartzen, baina balio du ikasleen formaziorako, besteak beste, kontura daitezen horrelako lasterketa bat antolatzeak ze lan dakarren, planifikazioa...

Egubakoitz arratsaldea izanda, kaleetan ibiliko da jendea lasterkariak animatzen.
Bai; iaz egindako balorazioaren barruan jaso genuen proban oso giro polita izan zela, jende asko egon zela lasterkariak animatzen; korrikalari gehienek eskertu egiten dituzte animu horiek, baina bat edo beste etorri zitzaigun esaten lotsa galanta pasatu zuela jendaurrean korrika ibili zelako. Bada kirola anonimotasunean praktikatu nahi duenik ere.

Aurrez egon da izena emateko modua, baina gaur bertan ere badago lasterketan parte hartzeko modua.
Bai, bai. Iaz, lasterketa hasi baino hamar minutu lehenago izenak hartzen ibili ginen, eta badakigu gehienok azken momentuan animatzen garela horrelakoetara. Horrenbestez, gaur 19:50ak arte izenak hartzen ibiliko gara, Ferixalekuan bertan.

Arrasate-Oñati proban 300 korrikalari izan ziren eta Soraluze-Bergararako 500 lagun espero dituzte, azaroaren 6an. Geroago eta jende gehiago dabil korrika?
Orokorrean, jendeak geroago eta kirol gehiago egiten du, ez bakarrik korrika. Ikusi, bestela, zikloturisten kopuruak zelan egin duen gora.


Baina egia da inguruan korrika ibiltzen diren asko ez direla herri lasterketetan parte hartzera animatzen.
Bai, lehen esan dudan moduan, batzuek kirola anonimotasunean praktikatu nahi izaten dutelako. Beste batzuk, akaso, beldurtu egingo dira; azkarrenek erritmo bizia jartzen diote probari, eta lasterketa ikusten dabiltzanek pentsa dezakete lasterketa hori larregi dela eurendako.

Bartzelonan, esaterako, herri lasterketa askotara jendea lasai ibiltzera joaten da. Akaso ez dira ibilbide osoa korrika egiteko gauza, eta oinez hasten dira. Bada jendea animatzeko modua.

Bai, baina euskaldunak eta katalanak oso ezberdinak gara. Euskaldun bati galdetuz gero ea lasterketa bat oinez egingo lukeen, erantzuna, seguruenik, ezezkoa izango litzateke [Barre]. Oinez egiteko nahiago duela proban parterik ez hartzea erantzungo liguke.

Gaztetan kirol ohiturak izan ez dituenarendako zailagoa da nagusitan kirol ohitura horiek bere egitea.

Hori uste nuen nik ere, eta berez halaxe da, baina badira kontrako adibideak ere: gaztetan batere kirolik ez egin, parrandazale amorratuak izan, eta gaur egun lasterketetan tope-topera dabiltzanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak