Udal Sexologia zerbitzuak 13 urte bete ditu dagoeneko. Udalak bultzatu zuen proiektua da, eta bete-betean asmatu zutela esan behar, egun aipatu zerbitzuak eginbehar garrantzitsuak betetzen baititu Arrasaten. Zerbitzuaren helburua, Larraitz Arando arduradunak dioenez, sexualitate osasuntsuago baten alde lan egitea da. Finean, sexualitatea "modu naturalean" bizitzen laguntzea du helburu Arrasateko Udal Sexologia zerbitzuak.
Dinamikoagoa...
Bada, helburu horri eutsiz, orain bost urte inguru zabaldu zuten webgunea berritzea pentsatu dute. Zertarako? Erabiltzaileen beharrak modu dinamikoago, eta beraz, eraginkorrago batean asetzeko. Arandok aditzera eman duenez, eguneraketak "maizago" emango dira, eta horrela "unean bertan pil-pilean" dauden gaiei lehentasuna emango zaie. Eta ez hori bakarrik, webgune berria elkarreragilea ere izango da.
...eta elkarreragilea
Webgune berriak kontsultak on-line egiteko aukera ematen du. Hala, Garibai etxera joaterik ez duenak internet bidez argitu ahalko ditu bere zalantzak. Prozedura erraza da oso: webgunearen hasiera orriko eskuinaldean dagoen kontsultak on-line atalean klikatu eta kontsulta idazkia bete beharko da. Bertan, izena, posta elektronikoaren helbidea eta argitu gura dena bidaliz, interesatuak laster jasoko du sexologia zerbitzukoen erantzuna. Hori bai, oraindik ere mantenduko dute bulegoko aholkularitza zerbitzua –astelehenetan, 10:00etatik 13:00etara eta martitzen eta eguenetan, 16:00etatik 19:00etara– zein telefono zerbitzua –943 25 20 66–. Informazio gehiagorako, bisitatu webgune berritua: www.sexologiazerbitzua.com.