Zapatu iluntzean beraz, zorteko izan ziren Amaia antzokira hurbildutakoak; Xinthia ziklogenesiak atseden apur bat eman zuen eta kontzertua ezin hobeto atera zen. Aurreikuspenak gainditu egin ziren; 200 pertsona inguru batu ziren Amaiako areto nagusian, beraz, antolatzaileek asmatu zuten kontzertua hallean beharrean areto nagusian egiten.
Giro oneko gaua
Pettik eta Barrence Whitfieldek giro oso berezia sortu zuten Amaia antzokian; ezohiko giroa. Hasteko eta behin, ez da ohikoa horrelako leku batean kontzertua garagardo bat hartuaz ikusi ahal izatea. Bestetik, ikusleak eserita egoteak ez zuen emanaldia batere hoztu. Kontzertuaren amaiera aldera gainera, taularen aldamenera hurbildu ziren banaka batzuk dantza egitera. Horri guztiari gehitu behar zaio Pettiren eta Barrence Whitfielden indarra, alaitasuna eta sinpatia.
Bakarka eta taldean
Beratarrak ireki zuen kontzertua; Pettik akustikoan jo zituen bere disko zaharretako hiru abesti. Beltzarana etorri zen gero; Barrence Whitfieldek beste hiru kantu eskaini zituen. Beroketa saioa izan zen hori; ondoren, instrumentuen zaparrada etorri zen; Petti eta Whitfielden ahotsei isats-pianoa, baxua, gitarra eta bateria gehitu zitzaien eta itxura benetan dotorea hartu zuen taulak.
Bertsioak izan ziren jotako abesti gehienak baina guztiak ere Petti-Whitfield nahaste berezi horren ukituarekin. Zentzu horretan azpimarratzekoa Elvis Costelloren Waiting for the end of the world abestiaren bertsioa.
Burrundararen ostean Whitfielden txanda etorri zen berriro ere; bakar-bakarrik eta inongo instrumentu barik abestu zuen kantu bat. Bere alaitasunarekin eta humore onarekin jarraituz, oraingo honetan txapela batekin eta I love mamia zioen kamisetarekin igo zen taula gainera. Antza denez Bostoneko musikaria zoratu egiten da hemengo mamiarekin.
Gau berezia izan zen zapatukoa eta kontzertuaren amaiera ere halakoxea izan zen; amaierako abestia opari baten modukoa izan zen: Petti gitarrarekin, Whitfield abesten eta isats-pianoarekin lagunduta Credences taldearen Susie Q abesti famatua jo zuten. Barrence Whitfieldek dio jende alaitzeko eta pozteko egiten duela berak musika; Arrasaten bete zuen helburua.