Viatoristen komunitatea ikerketan laguntzen ari da

Usoa Agirre 2010ko mar. 16a, 18:57
San Viatorko erlijiosoek gutuna kaleratu dute Jose Angel Arregi erlijiosoaren atxiloketa dela-eta. Azaldu dute atsekabetuta daudela gertaeraren aurrean eta hasieratik kolaborazio osoa eskaini dietela autoritateei. Hemen duzue gutun osoa:

Jose Angel Arregi, 2008ko urtarrila ezkero Txilen bizi den San Viatorko erlijiosoa, 2009ko abuztuaren 14an atxilotu zuten Txilen bertan, ustez haur-pornografia zuelako. Oraindik ez da ikerketa amaitu eta ez da epaiketarik egon.

Gertakari hau jakin zenean, Espainiako San Viatorko klerikoen Nagusi probintzialak komunitateko kide guztiei jakinarazi zien albistea.

Kontuan hartuta Jose Angel Arregi irakasle izan zela Kongregazioak Espainian dituen zentro batzuetan, Guardia Zibilak 2009ko azaroan ikerketa hasi zuen, hark deliturik egin duen edo ez zehazteko; bada, orain arte ez da agertu denuntziarik lankide, guraso edo ikasleen aldetik.

Informazio garden eta zehatza emateko asmoz, gertakarien berri eman zitzaien ustez afektatuak diren ikastetxeetako zuzendaritza, eskola-kontseilu eta Guraso Elkarteko batzordeko kideei.

Hala ere, sumarioaren sekretua kendu egin dutenez eta inputazio bat dagoenez, San Viatorko klerikoek deskribatutako gertakari hauek direla-eta honakoa jakinarazi gura diete orokorrean iritzi publikoari eta, batez ere, gure hezkuntza zentroekin lotura dutenei:

  1. Errugabetasun-presuntzioaren printzipioari erabateko errespetua izanik, atsekabetuta gaude hain larria den delitua egin izanaren eta moralitate falta handia den susmoen aurrean; horrek min handia egiten die gure zentroen erreputazioari eta bertan lan egiten dutenei, Kongregazioari eta Elizari berari.
  2. Gure eginbeharra denez, hasieratik kolaborazio osoa eskaini diegu autoritateei, gertakariok eta ikerketaren edozein alderdi erabat eta lehenbailehen argitzeko asmoz.
  3. Martxan diren ikerketen emaitza zigor-epaia baldin bada, Kongregazio eta hezkuntza-erakunde moduan erabat kondenatuko dugu, inolako zalantzarik gabe. Askatasun sexualaren kontrako edozein delitu ordena moralaren alterazio larria da, eta giza duintasunaren kontrako atentatu higuingarria; eta are larriagoa da adingabeei eragiten dien kasuetan. 
  4. Kongregazioak informazio-espedientea ireki du, eta delituzko ekintzaren bat egin dela frogatuko balitz, aipatutako erlijioso hura Kongregaziotik botatzeko eskaera egitea ekarriko luke.
  5. Iritzi publikoarendako gertakari hauek daukaten interesa kontuan hartuta, Kongregazioak hitzematen du datu berriren bat agertzen bada berehala jakinaraziko duela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak