Uste baino lehen bukatuko dute Zerrajerako urbanizazioa

Ubane Madera 2009ko ira. 7a, 17:43
Jolasparke bi, zuhaitzak, jarlekuak eta bidegorria izango ditu inguruak; horrez gainera, Visesak 300 etxebizitza pasa ditu aurreikusita Zerrajeran eraikitzeko. Etxebizitzok errentan emateko izango dira.

Zerrajerara joanez gero, dezenteko aldaketa igarriko dugu han egiten dabiltzan obretan, izan ere, abuztuko oporraldian asko aurreratu dituzte hango diharduten urbanizazio lanak. Hala, aurreikusitako data baino lehen amaituko dituzte, urte bukaerarako.

Jolasparke bi eta bidegorria

Jolasparke bi (La Caixako etxeen parekoen antzerakoak) ere ipiniko dituzte inguru hartan, dagoeneko horretarako orubeak gertu dituzte. Eta auzoaren goiko partean (saihesbidearen azpitik) bidegorria eraiki dute, Zerrajera zeharkatzen duena. Bidegorria ere oso itxuratuta dago; erremateak egiten dabiltza orain.

Horiek lan guztia egiteko hasierako aurrekontua 5.200.000 euro pasatxokoa zen, baina hainbat aldaketen ondorioz, handitu egin behar izan dute aurrekontua, 5.880.817 euroraino.

Babes ofizialeko etxebizitzak

Obegisa enpresa gipuzkoarra dabil Zerrajerako urbanizazio lanak egiten. Ingurua txukuntzeaz gainera, etorkizunean inguru hartan aurreikusitako etxebizitzetarako azpiegiturak ere sartu dituzte: argindarra, ura eta beste. 

Izan ere, babes ofizialeko 360 bat etxebizitza eraiki behar dituzte han. Visesak, Eusko Jaurlaritzako erakundeak dauka promozio horren ardura. Anbulatorioaren atzeko aldean eraikiko dituzte etxebizitza horiek, bi bloketan.

Kutsatutako lurren garbiketa

Baina, etxebizitzak eraikitzen hasi aurretik, lehenagoko fabrikek kutsatutako lurrak garbitu behar dituzte. Badihardute lan hori egiten eta obra horren arduradunak jakinarazitakoaren arabera, oraingo hilabete honen amaierarako bukatuko dituzte garbiketa lan guztiak. 1.600.000 euro pasatxo, eta hiru hilabete kostatuko da lur horiek garbitzea. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak