Usoen kakak eta txiza usainak kentzeko obrak hasi dituzte Kontzezinon

Ubane Madera 2009ko maiatzaren 5a

Astelehenean hasi zituzten obrak Kontzezinoko kale estalian, edo Kontzezinoko tunelean. Bi obra egingo dituzte: estalitako kalea kendu eta espazio hori pareko dendendako egokituko dute eta eskailera zentralen estalkia kendu egingo dute.

Eskoriatzako Frixi enpresak egingo ditu lanok, 236.000 euro pasatxoko aurrekontuarekin. Hiruzpalau hilabetean bukatuko dituztela esan dute.

Aski ezaguna da Kontzezinoko tuneleko txiza usaina eta bizilagun asko labaindu izan da eskaileretako uso kakekin. 

Orain arteko arazoa izan da ingurua garbitzea ez zela erraza, garbitzaileek ezin zituztelako mangerak erabili, garajeetara ura sartzen zelako.

Urteetan egoera bera sufritzen egon ostean, Kontzezinoko bizilagunek lortu dute egin beharrekoaren gaineko adostasuna, eta esandako moduan, asteon hasi dira hori gauzatzen. Izan ere, Kontzezinoko tunelak, nahiz eta pasabide publikoa izan, izaera pribatua dauka, hau da, hango etxeetako bizilagunen ardura da eta eurak arduratuko dira (Udalaren laguntzatxo batekin) obren gastuaz.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak