Uribarriko auzotarrak kezkatuta Barrenatxo errotaren eta hilerriaren etorkizunarekin

Arritxu Barruso 2007ko uzt. 4a, 11:40
Arrasateko Uribarri auzoko biztanleak kezkatuta daude Garagartzara bidean dagoen Barrenatxo errotaren egoerarekin eta Udalari eskatu diote errota babestu eta konpontzeko. Udalak erantzun du errota konpontzeko lanen ardura Polmetasako pabeiloia egiten ari den San Andre Berri promotorarena dela. Auzoko hilerriaren etorkizunarekin ere kezkatuta daude auzotarrak. Hilerriko lur saila etxebizitza berrientzat aparkalekua egiteko erabiliko duten beldur dira.

Oso antzinako eraikina da Barrenatxoko errota, 1700. urtean dagoeneko bada errota honen berri. Inguruko mehatzeetatik ateratzen ziren mineralen garbileku izan zen hasieran. Okre pinturaren fabrikaziorako ere erabili izan zen eraikina. Zerrategia ere izan zen Barrenatxoko errota hori eta azkenik ganadu pentsu fabrika. 1920. urtean itxi zuten fabrika hori.

Hori guztiagatik Uribarriko auzotarrek uste dute errota babestu beharra dagoela. Auzoko alkate Jone Bergaretxek azaldu duenaren arabera Udalak hura zaindu egin behar dela onartu zuen baina salatu du ez dela ezer egin. Egia esan eta iruditan ikusten duzuen moduan eraikinaren egoera penagarri samarra da.

Udalak bere aldetik konfirmatu du eraikina konpondu egin behar dela baina hirigintzatik adierazi digutenez Polmetasako pabilioia eraikitzen dabelen San Andres Berri promotoraren ardura da hori.  Udalaren esanetan 2006ko maiatzean jaso zen Ibarreko plan partzialaren barruan errota hori mantendu egin behar zela, kontsolidatu, eta  Tokiko Gobernu Batzarrak gune hartako urbanizazio proiektua onartu zuenean erabaki zen Polmetasako pabilioia eraikitzen dabilen San Andres Berri promotorearen lana izango dela eraikina berritzea, hirigintza karga moduan.

Beraz, eraikina guztiz berreskuratuko ez duten arren, bota behintzat ez dute botako, eta gutxieneko konponketak egin beharko dizkiote inguru hartako urbanizazio lanak bukatu aurretik.


Hilerriaren etorkizunarekin ere kezkatuta

Auzotarrak lursail hori auzoan eraikitzen dabiltzan etxe berrientzat aparkalekua egiteko edo bestelako urbanizazio asmoren baterako erabiliko ote duten beldur dira. Hori horrela, kanposantua urbanizazio asmoetatik kanpo uztea eskatu diote auzotarrek Udalari.

Badira urte batzuk ez dela gorpurik ehorzten Uribarriko kanposantuan, baina oraindik bertan lurperatuta daude auzoko baserri askotako senitartekoak. Hori dela eta, kezka handia sortu da kanposantuan senideren bat lurperatuta daukaten auzotarren artean.

Udalari dagokionez, Hirigintza Sailetik jakinarazi dute jasota dutela uribarritarren eskaera hori, eta zer egin aztertu egin behar dutela orain. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak