Gaur Uribarri izenez ezagutzen dugun auzoa independentea izan zen bere garaian. Baserritarrak kexatu egiten ziren, baina, lapur asko zebilela eta etxeak hutsik uzten zizkietela-eta. Nahiz eta euren aguazila bazuten, Arrasaterekin elkartuz gero zaintza gehiago izango zutela pentsatuz, biak batu eta Uribarri Arrasateren parte izatera pasa zen. 1.353 urtean izan zen hori. Kaskoko zaintzaileak ez ziren, ordea, haraino heltzen, eta lapurren arazoa ez zen horrekin konpondu.
Horixe da 'Uribarri, auzo baten historia' liburuan jasotako pasarteetako bat. Baina auzoaren historiarekin batera, gertaera, monumentu, arbola, hegazti, bide zahar, garbitoki, errota, burdinola, baserri, pertsonaia edota auzotarren ingurukoak ere batu dituzte argazkitan eta testuan. Kosta da irudi horietako batzuk jasotzea, futbol zelai zaharra inauguratu zutenekoa, esaterako.
Benetan zaharrak dira argazki asko eta, baserri batzuen kasuan, bost generaziotakoak lortu dituzte.
Jone Bergaretxek 17 urte daramatza auzo alkate eta urte horietan denetan egindako lanaren fruitua da liburua, baina laguntzaile bat baino gehiago izan ditu ondoan: Jokin Abetxuko, Itziar Gallastegi eta Iñaki Zumalde horien artean, eta Jone Bergaretxek eskerrak eman nahi izan dizkie auzotarrei ere egindako ekarpenagatik.
Atzoko aurkezpen ekitaldian bete egin zen Jokin Zaitegi Ikastolako aretoa, eta bertaratu zirenek liburu eta argazkien DVD bana eraman zuten etxera. 500 ale atera dituzte orotara, eta 10na eurotan eros daitezke. Interesa dutenak auzo alkatearekin jar daitezke harremanetan.