Urduri, baina ilusioz hasi du liga Arrasateko nesken taldeak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko urriaren 20a

Aurreikusitako moduan, Arrasate errugbi taldeko neskek galdu egin zuten ligako estreinako partidua. Durangoren aurka jokatu zuten arrasatearrek Mojategin; azken emaitza, 0-71 izan zen bizkaitarren alde.

Partidua urduri hasi zuten etxekoek; hori dela-eta, hasierako minutuetan ez zuten gura moduko jokoa egin. Baina, poliki-poliki, taldeak konfidantza hartu zuen eta horrek, jokoan, eragin zuzena izan zuen.

Jokalariek, jarrera ona

Hasieratik markagailuan atzetik jarri arren, etxeko neskek ilusioz jokatu zuten Mojategin; jarrera bikaina erakutsi zuten partidu guztian zehar. Hala, lana ondo eginez gero, emaitza ere halakoa izaten dela ikusi zuten egubakoitzean. Durangokoa talde sendoagoa eta beteranoagoa izan arren, etxekoek ez zuten amore eman.
"Lehenengo lehia dela kontuan hartuta, pozik gaude egin dugun jokoarekin. Jokalariek ondo erantzun dute eta jarrera ona izan dute lehia guztian zehar", adierazi zuen partidu amaieran Mikel Kerexeta entrenatzaileak. Arrasatek eta Durangok, orain dela hiru aste jokatu zuten elkarren aurka, lagunartekoa: "Partidu hartan, Durangoko taldea ez zen jokalari guztiekin etorri. Sei jokalari Euskadiko selekzioarekin batuta zeuden; hala ere, samur irabazi zuten lehia. Gaurko partidura jokalari guztiekin etorri direla kontuan hartuta, gu baino gehiago izan dira", azpimarratu gura izan zuen Kerexeta entrenatzaileak. Hala izan zen, egubakoitzeko lehian, nabarmen nabaritu zen Durangoko jokalarien nagusitasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak