Kontua da Aralarrek eskaera aurkeztu duela autobus urbanoa Olandixo ingurura ere irits dadin ordu jakin batzuetan. Bada eskaera horri erantzunez, Zerbitzuen Sailetik jakinarazi dute urbanoaren gaineko azterketa orokorra egiteko asmoa duela Udalak.
Gaur egun Leintz Garraioak izeneko enpresak kudeatzen du autobus urbanoaren zerbitzua. Bada, Zerbitzu Sailetik adierazitakoaren arabera, 2010ean bukatzen zaie kontratua. Eta ordurako urbanoaren gaineko azterketa eginda izan gura dute, gero zerbitzua adjudikatu ahal izateko.
Aditzera emandakoaren arabera, halako zerbitzuak denboraz adjudikatu behar dira, izan ere, autobusak ezin dituzte egun batetik bestera ekarri, baizik eta bereziki eraikitzen dituzte.
Herritarren eskaerak
Horren ondorioz, lehenbailehen abiaraziko dute urbanoaren gaineko azterketa. Eta horren barruan, Aralarrek egindako eskaeraz gainera, beste hainbat eskaera ere aztertuko dituztela kontatu du udal teknikariak, herritarrek egindakoak.
Adibidez, urbanoa San Josepe ingurura edo Altamira-Jose Luis Iñarra ingurura ere irits dadin eskatu dute. Eta baita gur egun dagoen zerbitzua bikoizteko ere.