Urbanoa ordu erdiro, irailetik aurrera

Ubane Madera 2010ko mai. 7a, 15:38
Arrasate barruko autobus urbanoak ordu erdiro emango du zerbitzua aurtengo irailetik aurrera. Hala erabaki zuen atzo (eguena) udalbatzarrak. Urbanoaren zerbitzua betetzeko lehiaketa publikoa deitu behar du irailean Udalak, eta lehiaketako baldintzen artean horixe finkatu dute: zerbitzua emango duen konpainiak urbanoaren oraingo maiztasuna bikoiztu eta ordu erdiro pasa beharko dela autobusa geraleku bakoitzetik. Horrekin batera, Lurraldebus txartelarekin ordaindu ahal izango da.

Ordutegia ere finkatu dute: astelehenetik egubakoitzera, urteko egun guztietan, abuztuan izan ezik: 08:00etatik 21:30ak arte. Urbanoa bi puntutatik aterako da goizeko zortzietan: Eroskitik aterako da autobus bat eta Gorostizatik bestea. Eta hurrengoa, bigarren lineako autobusa, ordu erdi geroago aterako da puntu bi berorietatik. Azkenekoak, berriz, aterako dira iluntzeko zortzietan linea batekoa eta zortzi eta erdietan bigarren lineakoa. 

Zapatuak eta domekak

Zapatuetan, berriz, ordubete geroago aterako dira: 09:00etan, eta bukatu ere beranduago bukatuko dute: 22:00etan. Hori bai, zapatuetan ordubetero pasako da geraleku bakoitzetik. Eta orain moduan, domeketan ez da urbanorik egongo.  

Abuztu eta zubiak

Bestalde, urbanoak ordutegi berezia izango du abuztuan eta baita ere, zubiak tokatzen direnean. Bi kasuetan 09:00etatik 21:00ak arte ibiliko da autobusa, orduan behin.

Zerbitzu bereziak

Eta jakina zerbitzu bereziak ere eman beharko ditu urbanoak: Domu Santutan hilerrira, Mugikortasun Astean, Gureak-en tailerretara joateko, erretiratuak euren urteroko bazkarira eramateko, eta Institutura doazenei zerbitzua emateko. Azken hori, adibidez, 08:15ean aterako da eta buelta bakarra emango du.

Lau autobus bueltaka

Zerbitzua handitu ahal izateko, besteak beste, autobus kopurua ere handitu egin beharko dute. Gaur egun hiru erabiltzen dituzte, bada, zehaztu dute bost autobus beharko dituztela: lau etengabe bueltaka, eta bat badaezpadakoetarako. 

Lurraldebus txartela

Bestalde, urbanoaren txartelean edo billetean ere bada berritasun bat: Lurraldebus txartela erabili ahal izango da aurrerantzean Arrasateko urbanoan. Eta horrek esan gura du, jakina, aplikatuko dituztela txartel bakar horrek eskaintzen dituen abantaila guztiak. 

Kopurutan: billete arrunta 1,35 euro kostako da. Baina, %40ko deskontua eskuratuko dute hilero 40 bidai artean egiten dituztenek; 41 eta 70 arteko bidai kopurua egiten dituztenek 0,72 ordaindu beharko dute billetea. Eta hilero 71 bidaia baino gehiago eginez gero, berriz, 0,12 euro ordainduko dute bidaiako.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak