Prentsa oharra bidali dute Untza enpresatik azaltzeko zergatik erabaki duten Udalarekin duten kontratua etetea. Hala, enpresakoen hitzetan, azpikontratatutako langileek egiten diharduten mugagabeko grebaren ondorioz sortu den “egoera jasanezina” da “halako enpresa txiki batendako”, batez ere, enpresaren “puntu sendoak” direlako “lanpostuaren gertutasuna” eta “langileekin kontaktu zuzenetik abiatuta kudeatzea lan-baldintzak”. Azpimarratu dute beti “ihes” egin dutela euren arloan nagusi diren “makro-enpresengandik”.
Proposamena hitzarmenaren gainetik
Untza enpresako ordezkariek uste dute Arrasateko Udalak egin dien proposamena, hau da, lau urtean %30,65eko soldata igoera gehi urtero KPIren igoera eta bestelako hobekuntzak “sektoreak eskain dezakeen hitzarmenaren oso gainetik” daudela eta hala eta guztiz ere, “langileen batzordeak eta ESK sindikatuak baztertu” egin dituztela.
Hori horrela, esandako moduan,Untza enpresak Arrasateko Udalari jakinarazi dio eten egingo duela Iturbideko zerbitzua emateko kontratua eta eskatu du “ahalik eta lasterren” "irtenbiderik arrazoizkoena" ematea: edo Arrasateko Udalak zerbitzu hori berriro adjudikatu edo Iturbiderako langileak zuzenean kontratatu.