Uniforme berria dute herriko udaltzainek

Ubane Madera 2008ko ira. 3a, 19:18
Orain arte erabili duten uniforme morea gorde eta haren ordez urdin kolorekoa du orain Arrasateko Udaltzaingoak. Urdin kolorea da nagusi uniformean, baina bular inguruko zatia islatzailea da. Jose Luis Etxeberria udaltzain-buruak azaldutakoaren arabera, "udaltzainak kalean gabiltzanean, hobeto ikusteko" ipini diote zati islatzailea.

Xehetasunen arabera, abuztuaren 1ean estreinatu zuten. "Eudel badabil esaten udaltzain guztiok uniforme bera erabili behar dugula. Inguruan geu izan gara azkenak uniformez aldatzen".
Kontuak kontu, orain, gure ibarreko udaltzain guztiek daukate uniforme bateratua. "Herri bakoitzeko udaltzainek herriko armarria izango dute uniformean, horixe izango da desberdintasun bakarra", adierazi du Jose Luis Etxeberriak.

Horrez gainera, orain arte Arrasateko Udaltzaingoaren bereizgarri izan den uniforme morea kentzeak pena apur bat eman diela ere kontatu du udaltzain-buruak: “Mondragoeko sinbologia bat kentzea moduan da: uniformearen koloreak, alkandora… oraingoak baino kalitate hobea ere bazuen”.

Bestalde, uniformean izan ezik, lan-taldean ere izan dute aldaketa Arrasateko Udaltzaingoan, hiru lagun gehiagok dihardute-eta orain udaltzain lanak betetzen. Hain zuzen, bi arrasatear eta Elorrioko lagun bat gehitu zaizkio Arrasateko Udaltzaingoari. Hiru berri horiek gehituta, gaur egun 28 bat agente ditu Arrasateko Udaltzaingoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak