Unai Aranburu: "Durangokoekin entrenatzeak taldea osatzeaz gain esperientzia emango digu, eta hori ondo dago"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko ira. 17a, 11:56
12 urte inguru daramatza Unai Aranburuk (Arrasate, 1984) errugbian jokatzen, eta, Ander Herizen lesioaren ostean, iaztik da Arrasate Kanpanzar taldeko kapitaina. Mojategin harrapatu dugu, entrenamendu saioaren aurretik, eta iraileko azken aste bukaeran hasiko duten berritasunez jositako denboraldiaz egin dugu berba. Denboraldi-aurrean egindako lanaz "oso pozik" dago.

Nola baloratzen duzu Durangorekin sinatutako hitzarmena?
Proiektu polita da. Durangok jokalari askotxo ditu eta oso ondo etorriko zaigu jende aldetik hobeto ibiltzeko. Bi talde egitea da asmoa: Durango Ohorezko B  mailan eta Arrasate Euskadiko ligan. Bi talde egiteak jokalarien arteko trukea ahalbidetuko du. Arrasaten ondo dabilenak Durangorako jauzia egin dezake, eta, alderantziz, Durangok jokalari berriekin hornituko du Arrasate.
Horrez gain, Durangok urte askotxo daramatza maila altuagoan eta eurekin entrenatzeak esperientzia emango digu jokalari moduan, asko irakatsi diezagukete. Hori ondo dago.

Beraz, jokalari gutxi izatearen mamua utxatzea lortuko duzue aurten?
Durangoren harrobia izango gara, baina, esandako moduan, Arrasateko taldera ere etorriko dira hango jokalariak. Jende gutxi izatea aspaldiko arazoa da; denboraldi hasieran izaten da jendea, baina, lesioak eta beste arrazoi batzuk direla eta, larri ibili ohi gara liga amaieran. 

Harrobi edo errelebo falta izan daiteke, agian?
Oso jende gutxi dago, egia esan. Badaude jokalariak, baina oso gutxi. Gainera, iaz seniorretan zeuden hiru jokalari gazte mailara jaitsiko dira, gazte mailako egonaldia urtebetez luzatu dute-eta.

Iraileko azken astean hasiko da Arrasate Kanpanzar ligan. Nola doa denboraldi-aurrea?
Oso ondo. Abuztuaren 30ean hasi ginen, eta bi partidu jokatu ditugu, Elorrion eta Getxon. Ez dugu elkar oso ondo ezagutzen, denbora laburra daramagu elkarrekin; bi partidu horiek eta entrenamendu bakarra egin ditugu elkarrekin. Hala ere, nahiko ondo moldatu gara, eta bi norgehiagokak irabazi egin ditugu. Denboraldi-aurrean taldeak erakutsi duen itxurarekin oso pozik nago.

Fisikoki nola dago taldea?
Fisikoki ere oso ondo ikusi dut taldea. Hori bai, badago zer hobetu, normala denez.
Zehaztu dituzue 2010-2011 denboraldirako helburuak?
Euskadiko ligan espero dugu goiko postuetan ibiltzea. Durangoko jokalariekin eta etxekoekin ea zerbait polita egiten dugun.

Zerbait gaineratu nahi?
Neska-mutikoak gonbidatu gura nituzke errugbia ezagutzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak