Umeendako menu berezia, aurtengo Dragoi Janean

Ubane Madera 2010ko eka. 14a, 18:22
Berritasunekin dator aurten Dragoi Jana (ekainaren 24) . Batetik, umeendako menu berezia izango da (zortzi euro). Bestetik, “afarian giro umoretsu, parte-hartzailea eta euskaltzalea nagusitu dadin” ahalegina egingo dutela adierazi dute antolatzaileek. Eta hori lortzeko ekitaldi bereziak prestatu dituzte. Txartelak salgai daude honako lekuetan: Irati, Monte eta Kajoi tabernetan, AEKren euskaltegian eta AEDren egoitzan (15 euro, 12 AEDren bazkideek). Egubakoitzean hasiko dira txartelak saltzen.

Dragoi txuletez gainera, dragoi kume menua ere izango da aurten Dragoi Janean; bestela esanda, etxeko txikienei zuzendutako menu berezia. Badirudi dragoi txuletak larregi zirela txikiendako, eta aurten menu berezia izango dute aukeran, 8 eurokoa: makarroiak eta izozkia. Eta adi ibiltzea komeni da, lehen aldia izanda 50 txartel aterako dituztelako bakarrik.  

Nagusien menua, berriz, 15 eurokoa da, 12 euro AEDko bazkideendako; eta hor bai, hor dragoi txuletak izango dira menuan sartuta, piper eta patatekin eta postrea, kafea eta kopa barne.

Zirkua, tribiala eta kantua

Bestalde, iragarri dute “afarian giro umoretsu, parte-hartzailea eta euskaltzalea nagusitu dadin” ahalegina egingo dutela. Eta hori lortzeko ekitaldiak prestatu dituzte. Hasteko, 22:00etan Ukelele jaunaren ikuskizuna iragarri dute, zirkua eta umorea uztartzen dituen ikuskizuna.

Gero, tribialera jokatzeko gonbita egingo diete parte-hartzaileei; baina ez edozein tribial, baizik eta I. Dragoi Tribiala egingo dute, Imanol Gallego arrasatearraren gidaritzapean. Eta borobiltzeko, kantuan egingo dute, Trikitixa eskolako neskek lagunduta.

Txartelak ahalik eta lasterren erostea komeni da, berehala bukatzen dira-eta; egubakoitzean hasiko dira saltzen, honako lekuetan: Irati, Monte eta Kajoi tabernetan, AEKren euskaltegian eta AEDren egoitzan. Prezioa, esandakoa: 15 euro nagusiak, 8 umeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak