Umbert eta Maderita, Kulturateko saio akustikoekin amaitzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko ira. 17a, 12:25
Aulkiaren erosotasunean zuzeneko doinu akustikoez gozatzeko azken aukera izango da gaur eta bihar, 'Kulturate akustikoak' ekimenaren azken aste bukaeran.

Gaur Nacho Umbert izango da Kulturateko areto nagusian eta bihar, berriz, La Maderita taldea osatzen duen laukote valentziarrak agurtuko du ekimenaren bigarren edizioa. Bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da.

Umbert-en sinpletasuna...
Urtetako isiltasunaren ostean agertoki gainean da berriz Nacho Umbert. Eta berpizte horren lekuko izango da gaur Kulturate. Ez da ohiko taldearekin agertuko; bi lagun bakarrik izango ditu ondoan, akordeoi eta txirularekin. Bi instrumentuon eta Umbert-en gitarra eta ahotsaren arteko fusioaren emaitza izango da emanaldia, beraz. Ez du-eta askoz gehiagorik behar: sinplea, samurra da Umbert-en musika, baina aldi berean polita, entretenigarria eta ikus-entzulea harrapatzen duena. Eguneroko istorioak kantatuko ditu, ondo landutako ahotsarekin.
Ay! izeneko disko berriarekin dator musikari kataluniarra; diskoa asko gustatu zaio antolakuntzari, Udaleko Kultura Sailari. Finean, diskoa gustatu zaielako dator gurera.

…eta maderitaren gertutasuna
Bihar, bestalde, Maderita izango da agertokian, Julio Bustamante artistaren gidaritzapean. 60 urte betetzear, idazle, musikari eta margolaria da, bizitza osoa eman du arteari lotuta. Maderita taldea Bustamantek Ciudadano taldearekin topo egin zuenean sortu zen: gitarrek eta hitzek hartzen dute pisua, gogo biziz abestuta. Kaleko musika da, edozein txokotan eseri eta ikusleak ezin gertuago gozatzekoa. On egin!

Orain arte, espero baino jende gehiago

Kulturate akustikoak-ek bi aste bukaera hartuko ditu. Aurrenekoan Audience eta Boat Beam izan ziren Kulturaten, eta, Udaleko Kultura Sailaren ustez, "espero baino erantzun jendetsuagoa" izan zuten bi saioek. Audience-kin sorpresa gutxi, talde ezaguna delako eta gurean lehenengoz jotzen zutelako. Hainbat disko eta kamiseta saldu zituzten.
Baina Boat Beam-ekin, talde ezezaguna izanda, harritu egin dira antolatzaileak: aretoa ia beteta eta, jende gazteaz gain, 60 urteko jendea gustura. Ekimenaren helburua da gurean ohikoak ez diren proposamenak ezagutaraztea. Bada, berria denaren kuriositatea asetzea doakoa denean, arrakasta bermatuta dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak