Udazkenerako gertu udaltzaingoaren egoitza

Ubane Madera 2008ko mai. 19a, 11:53
Hainbat hilabeteko etenaldiaren ostean, atzera ere hasi behar dituzte Udaltzaingoarendako egoitza berria egokitzeko obrak. Kontua da gaur egun udaletxean duten bulegoa oso-oso txiki geratu dela diren langile guztiendako, gaur egun 30 bat udaltzain daude-eta Arrasaten beharrean.

Horrela, Nafarroa Etorbidean egokitu behar diete udaltzainei egoitza berria; hain zuen ere, Debagoieneko Mankomunitatearen egoitza berria egiten dabiltzan eraikin berean, baina ospitaletik gertuago, garabiak eramandako ibilgailuen biltegiaren parean.

Hiru lokal

Eraikin horren beheko aldeko hiru lokal egokituko dituzte. Hala, Nafarroa Etorbidetik izango du sarrera egoitza berriak; sartu eta berehala mostradorea izango da, herritarrei harrera egiteko eta bi bulego izango dira haren atzean.

Udaltzaingoaren egoitza berriak beste gela txiki bat ere izango du herritarrek behar dituzten tramiteak egiteko eta bestelakoen artean, aldagelak eta hainbat bulego.

Urria-azarorako bukatuta

Udaltzaingoaren egoitza berria egokitzeko lanak joan den uda ostean hasi zituzten, baina obrak egiten hastean zenbait zalantza sortu zitzaizkien eta eten egin zituzten.

Zalantza guztiak argitu eta gero aste honetan ez bada, datorren astean hasiko dira berriro ere lanak egiten eta epeen arabera, lau hilabetean bukatuta izan beharko dituzte; hau da, urria-azaroa ingururako. Aikia enpresak egingo ditu lanok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak