Udalekuetarako begirale zerrenda 'luzea' egin gura du Txatxilipurdik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mar. 9a, 13:13
Txatxilipurdi elkartea hasi da dagoeneko 2009ko udalekuak prestatzen. Hala, udalekuotan ezinbestekoak diren begirale bila dabiltza; hots, egin dute begirale berriak erakartzeko deia. Maiatzaren 8a da izena emateko azken eguna.

Hona hemen bidali beharrekoa: curriculuma, argazki bat, NAren fotokopia, begirale edo zuzendari tituluen kopiak (titulua dutenek, noski) eta Txatxilipurdiren egoitzan eskuratu ahalko den izenemate orria beteta.

Begiraleek, gainera, hiru baldintza bete beharko dituzte: gutxienez 18 urte izatea, euskaraz jakitea eta Txatxilipurdik antolatzen dituen begirale formazio saioetan parte hartzea –derrigorrezkoa da–. Aipatu formazio saioa maiatzaren 23an izango da, eta, gainera, saioan parte hartzeagatik aukera askeko kredituak jaso ahalko dituzte ikasleek: Euskal Herriko Unibertsitateak bi kreditu emango ditu eta Mondragon Unibertsitateak, berriz, hiru kreditu.

Bestalde, begiraleak aukeratzeko irizpideak dira begirale titulua izatea, ikasketak (curriculuma), esperientzia eta lanerako prestutasuna.

Udaleku ibiltaria

Iazko arrakasta ikusita, aurten ere udaleku ibiltaria antolatuko dute Jardun, Berbaro eta Txatxilipurdi euskara elkarteek. 14 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago, eta, oraindik ibilbidea erabat zehaztu ez badute ere, Araban hasi eta kostalderaino oinez joango dira gaztetxoak.

Udaleku ibiltaria uztailaren 6an hasi eta hilaren 17an amaituko da eta Lander Juaristi Txatxilipurdiko gazte saileko arduradunak dioenez, "iaz baino abentura gehiago izango ditu".

Gainera, uztaileko ohiko udaleku itxiek bi lekutan egingo dituzte, adinaren arabera: 10 eta 12 urte bitartekoak Etxarrira joango dira, Juaristik azaldu duenez: "Orain dela bi urte oso gustura ibili ginenez, bueltatu egingo gara". Iaz Ezkion izan ziren. Eta 12 eta 14 urte artekoak, berriz, Oriora joango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak