Orain arte gobernuan izan den EB-Zutik koalizioko bozeramaileak, Ander Roriguezek zera adierazi du: "Akordioak ezkerretik etortzen badira, gertu gaude akordio ezkertiarrak lortzeko. Asmoa da gure konpromiso programatikoak betetzea. 11 hilabete egin ditugu gobernuan akordio horiek betetzen, orain oposiziotik horien bila jarraituko dugu".
EAJ ere gertu
PSE-EErekin batera oposizioko alderdi nagusia den EAJ ere gertu dago adostasunak lortzeko. Luis Mari Apraitz bozeramaileak hala dio: "Gertu gaude parte hartzeko, beti ere, herriaren onurarako izaten bada. Horrek esan gura du EAE egongo dela bakartasunean, baina herriaren mesederako baldin bada, parte hartzea egingo genuke".
Aralarrek, horixe gura
Elkarlanerako jarrera erakutsi du, baita ere, Aralarrek, Joxe Etxeberria bozeramaileak zera dio: "Hori da bultzatu gura genuena. Egoera berriak, berriz, ekarriko duena da udalbatzarrean onartu beharreko gaiak aurrez adostu beharra, gutxienez, 11 boto izan arte eta gobernu batzordearen eskumenak orain arte EB-Zutik-ekin adostu behar zituela eta orain, eurek bakarrik adostu beharko dituztela; hau da, oro har, lan gehiago eskatzen die egoera berriak. Baina alkatearen eskumenak eta batzorde informatiboen funtzionamendua berdin geratuko lirateke. Funtsean, funtzionamendua ez da aldatuko".
PP 'desmoralizatuta'
PPko bozeramaileak, berriz, gainerakoekin alderatuta, kontrako jarrera azaldu du. Itziar Lamarainek gogora ekarri du bera izan zela zentsura mozioa planteatzen lehena. Horrez gainera, zera gaineratu du: "Legealdi hasieran konfiantza eman nien, udal honen kudeaketa aurrera eramateko ahaleginean. Baina ikusita pertsona horiek ez direla gauza ezta ere gizatasunarengatik gertatutakoa moduko gauza larri bat kondenatzeko, esperantza gutxi ditut eurekin adostasunak ezertan lortzeko. Desmoralizatuta nago eta gura dudana da zentsura mozioa aurkeztu ea eurek uzten duten Arrasateko patua gidatzen. Hori da nire esperantza: ea gauza garen gainerakoen artean adostasuna lortu eta gauzak eurak barik egiteko. Izan ere, zoritxarrez, eurak dira baztertuta gertatzen direnak Arrasaten gertatutako moduko gauza bat ez kondenatzean".
EA itxaroten
Bukatzeko, Pello Urizarrek, EAren izenean berba egin du esateko datorren astean jakinaraziko dutela zein den euren erabakia: "Zentsura mozioaren gaineko erabakia hartu beharra dago lehenengo eta behin. EA moduan gai hori Arrasaten batzarrean landu behar dugu datorren martitzenean, eta errespetuarengatik, erantzuna ordura arte atzeratuko dugu".