Udalak aurkeztuko duen txostenaren arabera, bi eremu babesteko eskaera planteatuko dute: bata 400 hektareatakoa eta bestea apurtxo bat handiagoa. Arrasateko Udalaz gainera, Elorriokoak ere eramango du gai bera Elorrioko udalbatzarrean eztabaida dezaten.
Eta Udalatxek babes hori lortuko balu, bertako landaretza bereziari gaur egun ez duen garrantzi handiagoa aitortuko liokete erakundeek, eta jakina, inguru hura dagoenetan mantendu beharko litzateke.
Eraginik ez AHT-n eta harrobian
Hori bai, horrek ez du esan gura gaur egun Udalatx inguruan abiarazita dauden proiektuengan eragina izango duenik; hau da, Abiadura Handiko Trenaren lanetan eta Udalatx barruan egiten dabiltzan harrobian. Udal iturriek emandako azalpenen arabera, proiektu horiek abiarazita daudenez, Udalatx biotopo babestu izendatzeak ez luke batere eraginik izango obra horietan.
Esandakoa bada. Horixe da etziko osokoak aztertuko duen gaietako bat. Besteren bat aipatzearren, etxeko laguntza zerbitzuaren gainean ere jardungo dute zinegotziek. Hain zuzen ere, udal araudiaren aldaketari hasierako onarpena ematea planteatuko die udal gobernuak udalbatzarra osatzen duten gainerako alderdi politikoei.
Errepideetako bidesarien kontra
Bestalde, mozio bat ere izango dute aztergai, PP alderdiak aurkeztu duena. Eta labur esanda, alderdi popularrak Gipuzkoako gaitasun altuko errepideetan bidesari berriak ezartzearen aurkako mozioa aurkeztuko du.
Abaroako taberna
Eta azken gai bat aipatzearren, Abaroa Jubilatu Etxe berriaren tabernaren ustiapena berbagai izango dute. Egoitza berria izango dutela Abaroakoek Etxaluzeren lehengo orubean, eta egoitza horrek taberna ere izango du. Bada, taberna hori zeinek kudeatuko duen erabakitzeko lehiaketa abiarazi gura du Udalak, eta lehiaketa horretarako baldintza orriak onartzea proposatuko dute.
Halakoak eta beste, beraz, landuko dituzte egueneko osokoan. Batzarra publikoa da, beraz, interesa duen edozein joan ahal da. 19:00etan hasiko da.