Udalatx Biotopo Babestu izendatzeko eskatuko dio Arrasateko Udalak Jaurlaritzari

Ubane Madera 2010eko maiatzaren 7a

Eusko Jaurlaritzak Udalatxendako babes figura hori onartuko balu, bertako landaretza bereziari gaur egungoa baino garrantzi handiagoa aitortuko liokete erakundeek, eta jakina, inguru hura dagoenetan mantendu beharko litzateke. 600 hektarea inguru babesteko eskatuko du Arrasateko Udalak.

Atzoko (eguena) udalbatzarrak onespena eman zion babes eskaera aurkezteari, udal gobernuaren, EAren, Aralarren eta Alternatiba-Zutik koalizioaren aldeko botoekin. EAJ, PSE-EE eta PP, berriz, abstenitu egin ziren. 

Mahai gainean utzi guran

Azken hiru alderdi horiek eskatu zuten puntu hori mahai gainean uzteko. Arrazonamendu orokorra izan zen aztertu gura zutela ea ez zen posible biotopo izendapena ez den beste babes mota bat zehaztea. EAJko Rafa Uribarren diputatuak hori defendatu zuen esanez Udalatxen bizi diren baserritarrendako mugak ekarriko dituela Udalatx biotopo izendatzeak. Eta adierazi zuen "interesgarria" litzatekeela kontu horretan "bizilagunen parte-hartzea".

Udalatx babestu beharra

Gogor erantzun zuten, bereziki, Alternatiba-Zutik koalizioko Joseba Ugalde zinegotziak eta Ino Galparsoro alkateak. Oro har, gogora ekarri zuten Udalatxek dagoeneko nahikoa kalte jasan dituela barruan egiten dabiltzan zuloarekin, eta laster kalte handiagoa egingo diotela, Abiadura Handiko Trenarekin. Eta badela ordua Udalatx babesteko. Ugaldek adierazi zuen zenbait artadi galtzen dabiltzala, adibidez, eta "gorde daitekeena gorde egin behar dela".

Gogora ekarri zuten, baita ere, urte asko daramatzatela Udalatx babestu guran. Eta hori lehenago lortu izan balitz, ez lituzketela egingo "gaur egungo gehiegikeriak", Galparsororen esanetan. Horrela, euren ustez, nahikoa denbora izan da atzoko osokoan hainbat alderdik planteatutako zalantza guztiak argitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak