Udalak Iturbideko lan baldintzak hobetzeko proposatutako neurriak azaldu ditu

Txomin Madina Milikua 2009ko mar. 18a, 16:43
Lan baldintzen inguruan Udal Gobernuarekin adostasunik lortu ez, eta Arrasateko Iturbide egoitzako langile azpikontratatuek greba iragarri zuten datorren asteartetik aurrera. Udal Gobernuak auzi honen inguruan duen ikuspuntua azaldu zuen prentsaurrekoan: adierazi zutenez, onartzen dute lan baldintzak ez direla egokienak, baina gaineratu zuten, Udaletik egindako proposamenak hobetu egiten dituela baldintza horiek.

Ino Galparsoro alkateak adierazi zuen, Iturbide egoitza Arrasateko udalaren erakunde autonomo bat dela, eta momentu honetan Udaleko hiru langile eta Untza enpresari azpikontratatutako 32 ari direla lanean bertan. Azken hauek soldaten, pribilegioen eta baja zein plusen inguruko lan eskubideen inguruko parekotasuna eskatzen dutela azaldu zuen alkateak.

Bere esanetan, egindako azken bileran, soldatei dagokienez Udalaren proposamena izan zen lau urtetan %30,65 igotzea; 2009an esaterako, %10eko igoera planteatzen zuen Udalak, eta ordutegi eta egutegiaren inguruko eskariak aztertzea ere proposatu zuen. Istripu edo gaixotasun bajak aldiz, Untza enpresarekin berarekin negoziatu beharko direla gaineratu zuen Galparsorok.

Alkatearen iritziz, eurak lan baldintzak hobetzearen alde daude, eta egindako proposamena hoberako dela uste dute. Azaldu zuen era berean, Gipuzkoa mailan datozen lau urteetarako klinika laguntzaileen lan hitzarmena negoziatzen ari direla sindikatuak eta patronala, eta Arrasateko udalaren proposamena, lan hitzarmen horren gainetik dagoela.

Langileen ordezkariekin harremanetan jarrita,adierazi digute euren eskaria dela lau urteren buruan, udalak eskaintzen duena baino 200 euro gehiago kobratzea.

Zerbitzu minimoak

Gauzak horrela, datorren asteartean, hilaren 4an, grebari ekingo diote Iturbide egoitzako langileek, Oraindik ere ez dago finkatuta zeintzuk izango diren zerbitzu minimoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak