Udalak Garaiari Berrikuntza Guneari 756.400 euro emango dizkio kapitala handitzeko

Jon Berezibar 2010ko urr. 8a, 11:23
Garaia Berrikuntza Guneak Arrasateko Udalari eskatutako diru ekarpen berriarekin hasi ziren politikarien arteko eztabaidak atzoko osokoan. Labur esanda, Garaiak kapital handitzea egin behar duela-eta, Arrasateko Udalari eskatu dio 756.400 euroko kapital ekarpena egin dezala. Eztabaida politiko luzearen ondorean Udalak onartu egin zuen eskaera.

Onartu bai, baina kontrakotasuna azaldu zuten Alderdi Popularrak, Aralarrek eta Alternatiba-Zutik koalizioak. Aldeko jarrera, berriz, berriz, PSE-EEk, Euzko Alderdi Jeltzaleak, Eusko Alkartasunak eta Udal gobernua osatzen duten kideek, beraz, udalbatzarraren gehiengoak.

Aurkakoek oso txartzat jo dute Garaiaren kudeaketa; kopurua, larregikoa

Politikarien arteko eztabaidan, kontra zeudenek salatu zuten ez daudela ados, bereziki Udalaren egoera ekonomikoa ikusita, Garaiari beste 756.400 euro ematearekin, kontuan hartuta, hori arrasatearren poltsikoetatik aterako dela.

Eta salatu zuten, baita ere, beste 300.000 euro pasako ekarpena airean geratu dela eta balitekeela hori ere Udalak ordaindu beharra izatea, beraz, guztira, milioi euro pasako ekarpena izango litzatekeela Udalak egin beharrekoa.

Azpimarratu zuten, gainera, orain kopuru hori eskatzen badute hain zuzen dela Garaia Berrikuntza Gunearen gainean egindako kudeaketa "oso txarra" izan delako, eta horren harira, erantzukizunak eskatu beharra dagoela salatu zuten. Ildo berean, salatu zuten Mondragon Taldeak berak taldeko hainbat negozio, berez, Garaian kokatu beharrekoak, Arrasateko berrikuntza gunetik kanpo kokatu izan dituela eta horrek ere lagundu duela Garaiaren gainbeheran. 

Bestalde, gogora ekarri zuten dagoeneko Arrasateko Udalak eginda diola beste 1.500.000 euro pasako ekarpena Garaiari; eta atzo onartutako ekarpen berri horrekin, guztira, bi milioi euro pasa emango dizkiola Garaia Berrikuntza Guneari.


Garaia Berrikuntza Gunearen aldeko ekarpena defendatu zutenek, berriz, onartu egin zuten Garaiaren kudeaketa txarra izan dela, eta Mondragon Taldearen jarrera ere ez dela egokia izan.

"Orain Udala Garaiako proiektutik kanporatzea ez lukete ulertuko arrasatearrek"

Baina agerian utzi gura izan zuten, baita ere, Mondragon Taldeak presio politiko handiak jasan izan dituela egindakoa egiteko; Arrasateko Udaleko alderdi politikoen artean hasiera-hasieratik izan dela Garaiaren aldeko eta kontrako jarrera; eta orain, Garaiari ekarpen berria ez egiteak ekarriko zukeela Udala Garaiatik kanporatzea. Eta, besteak beste, EAren zein Ino Galparsoro alkatearen esanetan, hori ez lukete arrasatearrek ulertuko.

Horrekin batera, azpimarratu zuten, baita ere, Garaiaren oraingo egoera txarra izan arren, esperantza dutela etorkizuneko tresna izango dela eta, adibidez, EAJko bozeramaile Apraitzek aditzera eman zuen Arrasateri prestigioa ekarriko diola.

Laburbilduz, beraz, eta EAJren, alderdi sozialistaren, EAren eta udal gobernuko kideen botoekin puntua onartuta, Arrasateko Udalak 756.400 euroko kapital ekarpena egingo dio Garaia Berrikuntza Guneari.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak