Sustapen Aktiboaren Plana izendatu dute CEI-Saiolanek eta Arrasateko Udalak prestatu duten autoenpleguari buruzko programa. Ekimen irekia da, edozeini zuzendua, batez ere Arrasate eta inguruetako herrietako langabeei.
Hiru atal
Hiru atal izango ditu programak. Lehenengoa, sentsibilizazio jardunaldia izango da. Ekintzailetasuna zer den azalduko zaie bertaratzen direnei, eta besteak beste enpresa ekintzailea izateko motibazioak eta behar diren ezaugarri pertsonalak landuko dira. Ahalik eta jende gehiagorengana iristeko asmotan, bi aldiz egingo dute sentsibilizazio jardunaldia: lehena irailaren 17an goizeko hamarretan, eta bigarrena irailaren 22an, arratsaldeko bostetan. Arrasateko Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan burutuko da jardunaldia.
Lehenengo atala eginda aurrera jarraitzeko asmoa duenentzat da programaren bigarren atala, eta ideia eta ahalmenen talde dinamiken bidez burutuko da berau. Atal honetan, norberaren ideia eta ekintzaile profila landuko dira hainbat saiotan zehar. Saiolanen adituek hartuko dute parte bertan, eta iraileko azken astetik urriko lehen astera arte luzatuko da atal hau. Egutegia eta ordutegia partehartzaileekin zehaztuko dira.
Formazio teorikoa eta praktikoa
Ekintzaile prestakuntza ikastaroak eta proiektuen tutoretzak osatzen dute hirugarren eta azken atala. Bi formazio uztartuko dira. Bata ikastaro teorikoa izango da, enpresaren bideragarritasun azterketa egiteko konpetentziak eskuratzeko balioko duena. Bestea prospekzio lan praktikoa izango da, eta bertan, banan banan tutorizatua norberaren ideian sakontzen hastea da asmoa. Sei aste iraungo ditu honek, urria erditik hasi eta abendura bitartean, eta saioak goizez izango dira.
Prestakuntza hau burutu ostean negozio propioa martxan jartzeko asmoarekin segitzen dutenek proiektua garatzen jarraitu ahalko dute 2010eko urtarriletik aurrera, beti ere Saiolaneko teknikari adituen zuzendaritzapean.
Izen emate epea zabalik
Programa honetan parte hartzea doakoa da, eta izen emate epea irailaren 11ra ate egongo da zabalik. Izena emateko edo informazio gehiagorako Saiolanera bertara zuzendu behar da (telf: 943712072 e-mail: ntena@eps.mondragon.edu), edo bestela, Arrasateko Udalaren Enplegu eta Garapen Ekonomiko Zerbitzura zuzen daiteke.