Udala pozik, Mugikortasun Asteak izan duen parte-hartze altuagatik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko ira. 24a, 13:14

Udalak balorazio positiboa egin du Mugikortasun Asteak herritarren artean izan duen erantzuna dela-eta. Birzikleta azoka izan da aurten ere ekitaldirik jendetsuena.

Ipar gazi- Hego geza ikus-entzunezkoarekin amaitu zen eguaztenean Mugikortasun Astea. 15 bat pertsona bildu ziren Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan, nahiko jende gutxi. Hala ere, Udalak pozik dago astean zehar egindako ekintzek izan duten parte-hartzearekin. Nerea Lazpiur Garapen Iraunkorreko teknikariak honela azaldu du: "Ekintza gehienek eduki dute harrera ona, parte-hartzea nahiko altua izan da. Autobusaren erabileraren datuak ez dauzkagu oraindik, baina ikusitakoaren arabera, asko erabili da; orain urbanoa bultzatu behar dugu".
Birzikleta azoka izan ohi da, zalantza barik, ekimeneko ekitaldirik jendetsuena. Zazpigarrenez antolatu da aurten eta jasotako materialaren %70a saldu zen: 65 bizikleta zeuden eta 50 gutxienez saldu ziren. Dagoeneko bailara mailan ezaguna da Birzikleta azoka. Azoka zabaldu aurretik jende asko itxaroten zegoela azaldu dute antolatzaileek, eskaintza onenaren bila. Izan ere, egoera onean eta prezio merkean zeuden bizikletak azoka zabaldu bezain pronto saldu ziren.
Bestalde, domekako bizikleta bira ere arrakasta borobila izan zen: Aretxabaleta eta Eskoriatzakoekin batera 200 pertsona bizikletan, eguraldi bikaina eta tropelean giro aparta.

Eragina neurtzea, "oso nekeza"
Lazpiurren ustez, halako kanpainek herritarrengan izaten duten eragina neurtzea "oso nekeza" izaten da: "Asko landu behar dira eta helburuak epe luzera lortzen dira", dio. Mugitzeko beste eredu bat lortzea "denon ardura" da, Lazpiurrek dioenez: "Ez gara konturatzen autoen eraginaz; norbera konturatu behar da, eta horren aurrean neurriak hartu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak