“Uda garaian kalean egoteko joera areagotzen denez, kalea erabili gura dugu gure zerbitzuen berri emateko, eta berauetan zer aurki daitekeen jakitera emateko", halaxe azaldu dute Udal Gazte Bulegokoek eta Sexologia Bulegokoek uztaileko ekimenaren helburua.
Uztailaren 7, 8 eta 9an, arratsaldez, Garibai etxetik atera (bi zerbitzuon egoitzatik) eta Biteri plazan jardungo dute batetik herritarrei arreta zerbitzua eskaintzen eta bestetik zenbait zerbitzu herritarren eskura ipintzen: “Auto-kontsultarako ordenagailuak, irakurgaiak, antisorgailuen gaineko erakusketa, informazio turistikoa… Hori guztia, musikaz girotuta”.
Horrez gainera, eguenero ekitaldi bereziak egingo dituzte: uztailaren 3an, graffitiak (Esan eta DJ Kirrin); uztailaren 8an, Ain_1 taldearen emanaldia; 10ean, bidaiatzeko aholkuak emango ditu Mertxe Bilbao bidaiariak; 17an, dantza erakustaldia egingo du Maite Albesek eta 24an ipuin kontaketa izango da, Arrasateko hainbat neskaren eskutik.