Datorren urte bukaeran amaitzen dira Arrasateko udal merkatuaren kontzesioak, eta horren harira udal merkatuaren inguruko hausnarketa egin du Udalak.
1972an ireki zen Arrasateko udal merkatua. Gaur egun, asteazken eta ostiraletan %50ean dago merkatuaren erabilera; asteko gainerako egunetan, %16an. Dauden 20 postu finkoetatik, zazpi dira erabiltzen direnak, eta erosleei dagokienez, gazteek ez omen dute merkatura joateko ohiturarik: erosleen erdiak baino gehiagok, 50 urtetik gora ditu.
Supermerkatua eta kafetegia
Analisia egin ostean, Ikei aholkularitza enpresak udal merkatua eraldatzeko landu duen aurreproposamena jaso du Udalak. Proposamen horren arabera, aurrera begira merkatua leku berean mantentzea da egokiena; baina orain merkatuen aurrean dagoen plazatxoa estali egingo litzateke. Hala, merkatuak 2.400 metro koadro inguruko azalera izango luke, eta goian egongo litzateke plaza.
Ekipamenduei dagokienez, 12 postu finko planteatzen ditu proposamenak, baita 500 metro koadroko supermerkatu bat eta kafetegia ere. Baserritarrentzat erabilera anitzeko eremua izango litzateke, eta saltzaile ibiltariak kanpoan geratuko lirateke.
Proiektuaren kostua, 4,5 milioi euro ingurukoa izango litzateke, eta lanek urtebete inguru irautea da aurreikuspena. Dena den, merkatua bakarrik bizpahiru hilabete egongo litzateke itxita. Proposamenaren arabera, proiektuaren kostua eta kudeaketa mistoak izango lirateke, saltzaileen eta udalaren artekoa, hain zuzen ere.
Proposamenaren hausnarketa
Dena den, Ino Galparsoro alkateak esan du, orain proposamen honen inguruan hausnartu beharra dagoela, eta dagoeneko eman dietela beronen berri bai afektatuei eta baita herriko merkatariei ere. Eredua ere aztertu egin behar dela dio Galparsorok, batez ere egon daitezkeen zailtasunak.
Alkateak gaineratu du, egungo egoera ekonomikoa zaila dela-eta, horrek momentua markatu dezakeela, baita erabakia baldintzatu ere.