Udal langileen soldataren murrizketa %2,8koa izango da

UbaneMadera-JonBerezibar 2010eko urriaren 8a

Osoko bilkurako diru kontuetan sakonduz, Arrasateko Udal langileei soldata murriztuko dien lege dekretuak eragin zuen politikarien arteko atzoko osokoko bigarren eztabaida. Kasu horretan, eta labur esanda, Madrilgo gobernuak ezarritako lege dekretuaren arabera, udal langileen soldatak %5 murriztu beharko dituzte. Atzoko osokoan, berriz, Eudelek lege dekretu horren harira landutako proposamena onartu eta horren arabera, udal langileen soldataren murrizketa %2,8koa izango da, batez beste.

Adibide batzuk ipinita, 2.837 euro kobratzen duenari hilean 202,67 euro kenduko dizkiote; edo 1.502,35 euro kobratzen duten langileei, hilean 107,31 euro kenduko dizkiote edo 1.024,59 euro kobratzen duten langileei 73,18 euro kenduko dizkiete hilean.

Puntu hori ere onartu egin zuen udalbatzarrak. Kasu horretan, kontra bozkatu zuten alderdi sozialistak, Alternatiba-Zutik koalizioak, Eusko Alkartasunak eta Aralarrek; alde bozkatu zuten, berriz, EAJk, PP-k eta udal gobernua osatzen duten kideek. Hori bai, azken horiek “legeak behartuta” koletilladun formula erabili zuten botoa emateko.

Eta esandako moduan, hor ere politikarien arteko eztabaida nagusitu zen; kasu horretan, baita ere, osoko bilkuren aretoan izan ziren udal langileen ordezkarien salaketa.

Udal langileen salaketa

Azken horren harira, Maite Barreñak, udal langileen ordezkari moduan salatu zuen krisiaren jatorria finantza sisteman izan arren, langileak direla ordaindu beharko dutenak; azpimarratu zuen eurak “langile arruntak” besterik ez direla, eta halako neurriek “zerbitzu publikoak ahuldu” besterik ez dituztela egiten.

Aditzera eman zuen, soldata jaitsiera onartuz gero, errekurtsoetara joko dutela. Halaber, salatu zuen halako erabaki bat hartzen duen udala langileekiko desleiala dela eta lan hitzarmen kolektiboa apurtzea oso larria dela.

Politikariek, berriz, krisiaren jatorriaren eta ondorioen gainean jardun zuten gehiago, alderdi sozialista izan ezik. Izan ere, sozialisten kasuan, salatu zuten Eudelen proposamenarekin ez dela lege dekretua erabat betetzen, dekretuak %5eko murrizketa inposatzen duelako eta Eudelen proposamenak, berriz, %2,8koa.

Gainerakoek, berriz, krisiaren jatorria, sistema ekonomikoa, eta krisiari aurre egiteko gobernu zentralak orain arte hartutako neurriak kritikatu zituzten, batik bat. Baina labur esanda, gehiengoak onartu zuen lege dekretua izanda, legea betetzea besterik ezin dutela egin.

Horrela bada, esandako moduan, puntua onartu, eta beraz, Arrasateko Udaleko langileen soldatak jaitsi egingo dituzte.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak