Udal Gobernuak planteatutako 37.383.637 eurotik 34 milioi euro pasa Udalaren funtzionamendurako lirateke; hiru milioi euro pasa Iturbiderendako eta 1.700.000 euro pasa kirol kontuetarako (AUKEA). Nabarmentzekoa da hiru erakundeotatik, Iturbide dela aurrekontu igoera duen bakarra. Izan ere, orokorrean ia %15 jaitsiko da aurten aurrekontua.
Eta jaitsieraren eraginez, inbertsioak ere asko jaitsi beharko direla kalkulatu dute: %51; iazko 14,4 milioietatik 7,04ra, "Udalak erabilgarri dituen diru baliabideei egokitu behar zaizkielako", azalpenaren arabera.
Egoitza berria HHIrendako
Inbertsio horien artean artean, nabarmenena da 872.000 euro hezkuntzarako bideratu gura duela Udal Gobernuak, eta hortik zatirik handiena Helduendako Heziketa Orokorrarendako (EPA) lokal berria egokitzeko erabili gura duela. Izan ere, gaur egun Ferrerias kalean duten lokala txikiegi geratu zaie. Hori horrela, IMIko lokaletara lekualdatu gura dute helduendako zerbitzu hori, Arrasate Pasealekura.
Beste 700.000 euro kalkulatu dituzte, berriz, Etxaluze berriaren obrak finantzatzeko erabili beharko dituztela.
Gazteendako topagunea
Bestalde, erdigunean Gazteen Topagunea abiarazi gura du Udalak: 415.000 euro kostatuko litzaioke.
Eta horrez gainera, Gizarte Zerbitzuak lekualdatu egin gura ditu Udal Gobernuak. Udaletxean duten lekua txikiegi geratu zaie, eta Zerrajerako etxeetako behe-barruetara eraman gura dituzte. Horretarako, beste 400.000 euro inbertitu beharko lituzkete.
Zor bikoitza
Dena den, Arrasateko Udalak 2010ean eta datozen urteotan izango duen gasturik handienetakoa zorra izango da: 12.761.027 euro. Bikoiztu egin da iazkoarekin alderatuta (6.515.764 euro, 2009an).
Hori bai, zorra handia izan arren ere, "Udalaren diru-sarreren erdia baino gutxiago da daukan zor hori, hortaz, bikoiztu egin den arren, badirudi marjina badagoela, onargarria dela", azpimarratu dute Udal Kontuhartzailetza Sailetik.