Udal azokako hainbat saltoki hartzeko aukera dago

Ubane Madera 2008ko azaroaren 20a

Udaletik abisatu dute azokan hutsik dauden hainbat saltoki hartzeko aukera kaleratu behar duela. Hain zuzen ere, behin betiko 11 saltoki eta beste horrenbeste saltoki berezi hartzeko aukera emango du Udalak.

Behin betiko saltokiei dagokienez, horietako bat hartuz gero, 2010era arteko emakida eskuratuko da. Prezioari dagokionez, ordaindu beharko da hilero 60 euro metro karratuko. Batez beste, 1.800 euro pasatxo saltokiko. Horri gehitu behar zaio hilero 200-300 euro inguruko mantenua duela.

Saltoki bereziak

Saltoki bereziei dagokienez, berriz, ordaindu behar da hilero 12 euro metro karratuko. Kasu horretan, urte osorako hartu beharrean, hileka errentan hartzea aukeratu daiteke; hala norbaitek orain hartuko balu, posible da urte amaierara arte bakarrik hartzea. Urte osoa hartuz gero, aterako litzateke, berriz, 200-300 bat euro gehi mantenuak kostatzen duen 200 euro pasatxo hilero.

Behin betiko saltokietan norberak gura duen negozioa jar dezake. Saltoki berezietan, berriz, frutak, kontserbak eta halako produktuak saltzen dira. Saltoki berezi horiek eguaztenetan eta egubakoitzetan ipintzen dituzte gehienek.

Halako saltokiren bat eskuratzeko interesa duenak Arrasateko Udaleko Zerbitzu Sailera jo behar du eta baldintzen plegua eskatu. Hil honen amaiera eta abenduaren hasierara arteko epea izango du hori egiteko.

Ia erdiak hutsik

Arrasateko Udal Azokan, guztira, 19 postu fijo edo behin betiko daude, 28 postu berezi eta horrez gainera, hainbat baserritarrek ere ekartzen dituzte euren produktuak, baina gutxi izaten dira, lauzpabost. Saltoki orokorrei dagokienez, hutsik daudenak kontuan hartuta, ia erdiak dira pertsiana itxita dutenak.

Hori saltokiei dagokienez, baina erosle aldetik ere huts samar izaten dira azokako saltoki horiek. Hain justu ere, Arrasateko Udala egoera horrekin kezkatuta, Udal Azoka biziberritzeko helburuarekin txostena enkargatuta dauka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak