Udal azoka nola berreskuratu aztertuko du Ikei enpresak

Arritxu Barruso 2008ko irailaren 15a

Geroz eta saltoki eta jende gutxiago ikusten da azkenaldian Arrasateko udal azokan. Gainbehera nabarmen hau ikusteko datu bat besterik ez: egun zortzi dira udal azokan dauden postu finko itxiak, eta duela hogei urte 21 ziren.

Egoera triste honi buelta emateko, udalak pasa den astean azoka nola berreskura daitekeen aztertzeko ikerketa lana abiarazi zuen. Udalak Ikei ikerketa enpresari eman dio arazo honi irtenbidea aurkitzeko ardura.


Udalak bi irizpideren arabera eskatu dio Ikei enpresari azterketa egiteko: azokaren instalazioen egoera nolakoa den zehaztu eta azokaren kudeaketa aurrera nola eraman daitekeen definitu.

Irtenbide posibleak zehaztu

Batetik, gaur egungo merkatuaren instalazioak nolako egoeran dauden zehaztu behar dute Ikeikoek; eta beraz, obra batzuk beharko balira zein lan diren zehaztu.
Bestetik, udal azokan dauden saltokiak zein motatakoak diren ikusiko dute ikertzaileek. Beste zerbitzu baten beharra balego zein saltoki mota izango litzatekeen zehaztu beharko lukete.

2010eko abendua, mugarri

Gainbeherak kezkatzen badu ere, beste arrazoi bat ere badago udalak azoka suspertzeko irtenbideak aurkitu izana azaltzeko. Izan ere, udal azokan saltoki finkoa eta itxia duten zortzi merkatariei 2010eko abenduan amaitzen zaie saltokia izateko baimenaren epea. Merkatari hauek azoka utzi ez dezaten ekiditeko neurria ere izan da birmoldaketarako plana Ikei enpresari egokitu izana. Udalak 28.000 euro baino gehiago ordainduko dio Ikeieri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak