Udabiltzako inputatuei elkartasuna adierazteko babes taldea aurkeztu dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko uzt. 14a, 21:39
Udalbiltzaren aurkako epaiketa bihar hasiko da Audientzia Nazionalean. Euskal Herriko lehen instituzio nazionalaren aurka egiteaz gain, 22 hautetsiri erakunde armatuko kide izatea leporatzen dio Fiskaltzak eta akusazio partikularrekin batera –Dignidad y justicia eta AVT– 15 urtera arte espetxe zigorra jaso dezakete 22 horietako batzuek. Bada, Arrasaten inputatuei elkartasuna adierazteko babes taldea aurkeztu zuten eguazten arratsaldean udaletxeko pleno aretoan.

Babes taldean ideologia aniztasuna da nagusi. Alderdi politikoen artean, besteak beste, EA, Aralar, Alternatiba, ezker abertzalea eta EAJk bat egin dute taldearekin. Alderdi politikoen ordezkariekin batera herritar ugarik egin dute bat Udalbiltzarekin, osokoen bilkura lepo betetzeraino.

Xabier Zubizarreta Arrasateko alkate ohiak, Amaia Larrañaga EAko zinegotzi ohiak –Udalbiltzaren aurka duela zazpi urte egin zutenez, zinegotzi eta alkate ohiei dei berezia egin diete auzipetuekin elkartasuna adierazteko– eta Julen Arexolaleiba Huheziko irakasleak egin dute ekimenaren aurkezpena. Honakoa adierazi dute: "Adierazpen honen xedea ez da Udalbiltzaren proiekturako atxikimenduak biltzea. Udalbiltzaren proiektuari buruz idatzi hau sinatzen dugunon artean iritzi desberdinak daude. Horien gainetik, konbentzimendu sendo honek elkartzen gaitu: orria bestaldera itzuli, zuzenketa egin eta burugabekeria honekin amaitu beharra dago".

Horrez gain Egunkaria auziarekin alderatu dute Udalbiltzaren aurkako epaiketa: "Bultzada politikorik gabe proba-oinarririk ez dago. Eta akusazioa funtsatzen duen frogarik gabe, eskari bakar hauxe baino ezin da egin: absoluzioa Udalbiltzako auzipetuentzat".

Azkenik, zapatuan Bilbon egin den manifestazio nazionalean parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Manifestazioa La Casillatik irtengo da, 17:30ean.

Auziaren gaineko informazio luze eta zabala hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak