Udaberrian zabalduko dituzte berriro herriko iturriak

Ubane Madera 2009ko martxoaren 9a

Arrasateko iturrietako txorrotak siku daudela-eta, zenbait herritar kexu dira eta kexuak Udalean bertan ere aurkeztu dituzte. Bada, Udal arduradunei azalpenak eskatuta, iturriak ur barik egotea neguko Udal planaren ondorioa dela argitu dute, eta azaldu dute laster zabalduko dituztela berriro, udaberrian, hain justu.

"Izotz denboran, iturrietako ura eten egiten dugu, bestela ur hodiak lehertu egiten dira. Bestetan, neguan iturriak martxan laga izan dituztenean, ur-hodiak lurrazal kanpotik doazenez, lehertu egin izan dira, eta gero kalteak handiak izaten dira", azaldu dute Obra eta Zerbitzu Sailetik. Hori horrela, Gabonak aurretik daude herriko iturri guztiak ur barik. 

Monterrongo ur-putzua

Bestalde, ura duten herriko beste zenbait gune ere ur barik daudela-eta izan da kexuren bat zein beste herritarren artean. Adibidez, Monterrongo ur-putzuarengatik. Kasu horretan, baina,  ura etetearen arrazoia ez da izotzak eragin ditzakeen kalteak, baizik eta, Obra eta Zerbitzu Sailetik azaldutakoaren arabera, inguruko auzotarrengandik jasotako kexuak, urak eragiten duen zarata dela-eta. Monterrongo putzua estaltzeko aurrekontua eskatuta du Udalak. Beraz, gai hori begiratzeko dute. 

'Titi atomikoa'

Eta ur barik dago, baita ere, Abaroaren ondoan dagoen eskultura, Titi atomiko moduan ezaguna dena. Aspalditik dago, gainera, hura ur barik. Bada, kasu horretan ura kentzeko arrazoia uraren "larregiko kontsumoa" da. "Urkuluko urak daude hartuta monumentu horretarako eta behin erabili eta gero, errekara doa ura, hau da, ez da errekuperatzen. Hori kontsumo handiegia da. Horrexegatik erabaki zen monumentuaren ura etetea",  azaldu dute Udaletik.

Santa Barbarako ahateen putzua

Bestalde, hainbat herritarren kezka eragin duen beste puntu bat da Santa Barbarako ahateen ur-putzua. Izan ere, hura ere siku dago. Baina ahateen ur-putzuaren kasuan, arazoa ez da neguko izotza, baizik eta ur-putzuko filtrazioak konpondu zituztenetik, hango ura geldi dagoela eta ondorioz, berehala zikintzen edo usteltzen dela.

"Momentuan ez dago urik. Motoponparekin atera behar izan zuen Udalak ura, estolderiara botatzeko, izan ere, ur zikin hura ezin zen errekara bota. Santa Barbarako ur-putzuan egoten diren ahateei dagokienez, haiek errekan dabiltza orain eta egia esan, errekan gustura ibiltzen dira. Jakina, filtrazioaren eraginez, han dagoen ur-jausia ere eten egin dugu. Orain Udalak pentsatu behar duena da zer egin ur-putzu horrekin. Izan ere, filtroak ipin daitezke ura garbi mantentzeko, baina filtro horiek garestiak dira. Horrela, orain zalantza daukate zer egin", azaldu dute Obra eta Zerbitzu Sailetik.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak