Udaberri txapelketatik txapel bi ekarri dituzte pilotariek

Mirian Biteri 2010eko martxoaren 30a

Asteburuan jokatu zituzten arrasatearrek Udaberri txapelketako finalak. Seniorretan, Ibai Bolinagak eta Aitzol Lazkanok Zumarragako bikoteari 22-14 irabazi zioten. Kadeteetan, Aitor Etxezarretak eta Julen Moronek osatzen zuten bikoteak ere txapela lortu zuen.

Lan ona egin zuten aste bukaeran Udaberri txapelketako finaletan Arrasateko pilotariek. Senior mailan, Ibai Bolinagak eta Aitzol Lazkanok Zumarragako bikoteari 22-14 irabazi zioten egubakoitzean, Astigarragan. Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen partiduan txalotzekoa da Bolinagak egindako lana. Kadeteetan ere, Arrasatera etorri zen txapela. Zapatu goizean, Hondarribiaren kontra jokatutako norgehiagokan, 22-15 gailendu ziren Aitor Etxezarreta eta Julen Moron. Azken horrek oso ondo jokatu zuen. Ordu eta laurden inguruko partiduan, oso seguru egon zen eta lau puntu bakarrik galdu zituen. Bestalde, gazteek ezin zuten egubakoitz iluntzean, Urretxuren aurka, Adunan jokatutako finala irabazi. Danel Etxagibel eskuetatik ez zen ondo ibili eta horrek eragina izan zuen. Beñat Arabaolatzak ondo jokatu bazuen ere, ezinezkoa izan zen garaipena eskuratzea eta lehia 22-17 amaitu zuten. Udaberriko txapelketa ez zen arrasatearrek asteburuan jokatu zuten bakarra. Zapatuan, Zizurko txapelketako finalean izan zen Markel Moron kimua. Ederto jokatu bazuen ere, ezin izan zuen garaikurra etxera ekarri; 16-15 amaitu zen partidua. Azkenik, benjaminen eskolarteko finalean, arrasatearrek bergararren kontra irabazi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak