Uarkape frontoia dar-darka 'Harristi'-ren urtebetetze-festan

Goiatz Arana Begiristain 2010ko uzt. 18a, 14:19
Jendetza elkartu zen zapatu eguerdian Uarkapen, Iñaki Gurrutxaga 'Harristi'ren 50. urtebetetzea ospatzeko bazkarian: 370 pertsona zeuden izena emanda, baina 400 baino gehiago batu ziren. "Zoragarria izan da. Eskerrik asko denoi", erantzun zien protagonistak.

Uztailaren 13an bete zituen 50 urte Iñaki Gurrutxaga Harristi-k. Eta nor da, bada, Harristi? Batek daki! Baina badu zerbait, 50 urte bete dituela-eta antolatutako bazkarian 400 pertsona bildu direnerako! Eskoriatza du lo-leku, baina Arrasate bizi-leku. Gutxi izango dira 700 gramorekin jaio eta 130 kilo harrapatu dituen gizon bizardun eta betaurrekoduna ezagutzen ez dutenak! Azken 30 bat urtetan herrigintzan eta parrandan atseden hartu barik jardundakoak lagunak ditu non nahi eta horietako asko Uarkapen bildu ziren zapatuan.

Sorpresaz beteriko bazkalostea

Bazkariko mokadu eta trago artean giroa berotzen joan zen eta kafearekin sorpresak heldu ziren: txistulariak harmailetatik behera, Zorionak abestia, argazki muntaia... San Ferminak Iruñean  pasatzea amets-eta, datorren urterako asteburu bat ere oparitu zioten Tres Reyes hotelean! Baina jaso bakarrik ez, eman ere egin zuen: lore sorta bana eskaini zien duela lau urte galdu zuen aitari, Joxepa Arregiri eta Joseba Iglesiasi, eta bertsoak kantatu zizkien, eskuek eta ahotsak dar-dar egiten ziotela. Txikienak ere inguruan izan zituen, eurentzako eramandako gozoki poltsak noiz banatuko. Erredakziora bueltan, erromerian utzi genituen, dantzan!

Harristi-ri egindako elkarrizketa eta lagun eta senitartekoen hitzak, Asteleheneko Goienkaria-n.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak