Uarkape beteta Des-Kontrolen aldeko kontzertuan

Arritxu Barruso 2008ko otsailaren 17a

Zapatukoa kontzertu berezia zen Des-Kontrolendako, eta jarraitzaile eta lagunek erabateko babesa erakutsi zioten talde arrasatearrari. Uarkape beteta, sekulako giroa eta kontzertu indartsuak guztiak. Des-Kontrolekoek 8.000 euro inguru behar dituzte jasotako salaketa baten isunari aurre egiteko.

Motherfuckers taldeak eman zion hasiera gauari. Ordu erdiko kontzertua eman zuten, hasieran jende gutxi, baina, saioa bukatu zutenerako Uarkape pilotalekua beteta zegoen. 

Enboskada taldea izan zen taula gainera igotzen bigarrena eta azken diskoari izena ematen dion Zilegi al da? kantuarekin hasi zuten kontzertua. Oxel abeslariak, gero, kontzertuaren zergatia gogorarazi zuen eta euren elkartasuna adierazi zien Des-Kontrolekoei. Hitzok txalo zaparrada jaso zuten. AHTrik ez abestiak ere oihu ugari eragin zituen jarraitzaileengan. Botas y tirantes abesti ezagunarekin agurtu ziren  Enboskadakoak.

Ukabilkada taldekoek ez zuten hutsik egin eta oso indartsu hasi zuten kontzertua; amaiera are indartsuagoa izan zen. RIPen No hay futuro kantuarekin bukatu zuten, eta euren jarraitzaileetako bat eskenatokira igo zen beraiekin abestera. Jendez betetako autobus batean etorri ziren Ukabilkadakoak Algortatik.

Never Surrender taldekoek beti bezain indartsu eman zuten kontzertua eta ohikoak diren bat bateko bertsioak egin zituzten, kantuak bata bestearekin lotuz. The harder they come abestiaren bertsioa gustura hartu zuten askok. Oi Oi Oi Music kantuarekin, bestetik, zoramena iritsi zen Uarkapera. Kontzertuarekin amaitzeko Pottoko abeslaria eskenatokitik jaitsi zen eta jende artetik abestu zuen azkeneko kantua.
Arkada Social hastearekin bat pogoa dantzatzen hasi ziren jarraitzaile guztiak. Piensa izan zen jo zuten lehenengo abestia, eta Iros a la mierda, eta Sucias entrañas izan ziren jo zituzten beste abestietariko batzuk. Tabernan sartuta abestiarekin kantuan hasi ziren jarraitzaile guztiak eta txalo asko jaso zituzten. Euren kontzertuetan ohikoa zen moduan Esos del barrio abestiarekin agurtu ziren Arkada Social taldekoek. Eskenatokira igo ziren zenbait lagunekin batera abestu zuten. Arrasateko rugby taldeko mutilak jardun zuten kontzertuan segurtasun lanak egiten eta aipatu behar da Arkada Socialek jo zuenean arazoak izan zituztela hesi metalikoak bere tokian eusteko.

Des-kontrolen deskontrola

Goizeko ordu batak eta erdiak pasatxo zirenean agertu ziren eskenatokian Des-Kontrolekoak txalo eta ohiu artean. Gau guztian zehar berotuz joandako giroak eztanda egin zuen protagonistak eskenatokian iraun zuten bitartean.

Deialdiak izandako arrakasta ikusita gustura eta lasai aritu ziren Des-Kontrolekoak. Denbora gehien jo zuen taldea izan zen eta abesti zaharrak eta berriak tartekatu zituzten emanaldian.

Gainontzeko taldeek egin zuten moduan Des-Kontrolekoek ere Peio, Orreaga 778 taldeko abeslariarendako hitzak izan zituzten. Peio askatu! zioten oihuak behin eta berriz entzun ziren kontzertuan zehar eta.

Kontzertuaren amaiera esanguratsua izan zen oso. Mondra abestiarekin agurtu ziren Des-Kontrolekoak eta poliki-poliki eskenatokia jendez betetzen hasi zen. Taldekoen lagun eta jarraitzaileak taula gainera igo ziren azkeneko abestia eurekin kantatzeko. 20 pertsona inguruk amaitu zuten eskenatokian Mondra abestia kantatzen.

Gau berezia izan zen zapatukoa Des-Kontrolekoentzat. Batetik, zapatuko kontzertuak zeukan helburuarengatik eta, bestetik, kontzertu horrekin datozen bost hilabeteetan egingo duten bira moduko bati hasiera eman ziotelako. Hemendik eta datorren urrira arte Des-Kontrolekoek 50 kontzertu inguru emaango dituzte egubakitz eta zapatuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak