Oinak dantzan deitu duten ekimenean, Txikitxu eta Arrostaitz dantza taldeek aurten 40 eta 20 urte beteko dituztela ospatzeko hainbat ekitaldi egin dituzte. Bada, azken jaia urriaren 23an egingo dute, Uarkapen. Dantza erakustaldi batekin –nola, bestela– ospatuko dute egun berezia: 18:00etan hasiko da eta Txikitxu-Arrostaitzeko dantzari eta txistulariez gain, gaiteroek, Arrasate Musikaleko kideek, Udalaxpe taldeko txistulariek eta Erraldoi eta kilikien konpartsak hartuko dute parte.
Amaitzeko, afari herrikoia
Erakustaldiaren ostean afari herrikoia egingo dute pilotalekuan bertan. Marga Merkader dantza taldeko arduradunak adierazi du herri osoa dagoela gonbidatuta, erakustaldirako zein afarirako. Txartelak 25 eurotan daude salgai eguaztenetik, Basati eta Kajoi tabernetan.