Txikiteroen eguna ospatzeko galaz jantziko da Arrasate

Goiena 2010ko ira. 30a, 17:29
Urtero bezala, emakumezkoek soineko dotorea jantziko dute, gizonezkoek armairutik trajea, alkandora eta gorbata aterako dituzte eta guztiak jai giroan txikiteroen eguna ospatuko dute. Jarraian egun osoko egitarauaz gain, eder egoteko Amaia Albes diseinatzaileak eta Naiara Uriarte makillatzailearen gomendioak dituzue entzungai:
Dena prest dute arrasatearrek bihar Maritxu Kajoi eguna ospatzeko. Eguna goiz hasiko da, goizeko 8etan etxafuegoak botako dituzte txikiteroen eguna ospatzen hasteko. Jaiak hasi baina, aurreko egubakoitzean hasi zituzten nobenaixuaren ospakizunarekin. Aurten, Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsako kideek jaso dute inbutua Maritxu Kajoiko Komisiñuaren eskutik.

Egitaraua

Bihar, goizeko 8etan etxafuegoak botaz hasiko dituzte jaiak eta egun osoan zehar omenduko dute txikiteroen ama birjina. Koadrilek, goizeko txikiteoaren ostean, bazkaria egin eta berriz ere txikiteoa egingo dute Dragoialde txarangaren musikarekin batera mirariaren ordua iritsi arte. Orduan, iluntzeko 20:30ean abestuko dute Maritxu Kajoiren kantua eta, ondoren, aurtengo miraria zein den ezagutuko dute.

Arrasateko Udaleko Prebentzio Zerbitzuak eta Ai Laket elkarteak, drogei buruzko informazioa eta analisi zerbitzua eskainiko dute.  23:00etatik 14:00etara bitartean, furgoneta bat jarriko dute Otalora lizentziatua eta Ignazio Zuloaga kaleen artean bertara gerturatzen direnen artean drogei buruz informazioa banatzeko.

Autobus zerbitzu berezia

Arrasatearrek bakarrik ez, kanpotar askok ospatzen dute txikiteroen eguna. Horregatik Pesak autobus zerbitzu berezia jarriko du, kanpotik etorriko diren pertsonek beraien autoa hartu beharrik izan ez dezaten. Garraio publikoko enpresak 2 linea jarriko ditu martxan: Eibar – Arrasate – Eskoriatza ibilbidea egingo duena batetik eta Oñati –Arrasate – Aretxabaleta – Eskoriatza – Leintz Gatzaga linea bestetik.
Kasu bietan orduro izango dira autobusak eta Arrasaten Garibaiko geltokian egingo dute geldialdia. Bizkaitik etorriko direnentzako ere zerbitzu berezia prestatu du Pesak: zapatu goizean, Arrasate – Elorrio – Apatamonasterio – Abadiño – Durango – Bilbo ibilbidea egingo duen  autobusa izango da 8:30etan Arrasatetik abiatuta.


Maritxu Kajoirako diseinatzaile eta makillatzailearen aholkuak

Biharko jai egunaren harira, jantzi eta makillaje gomendio bila jo dugu astean Arrasate Irratian. Amaia Albes Arrasateko diseinatzaileak kolore beltzeko jantziak eta takoidun zapatak gomendatzeaz gain, beste hainbat aholku ere eman dizkigu emakume zein gizonentzako. Gorka ileapaindegiko Naiara Uriarteren bitartez, berriz, makilatzeko ohitura ez dutenentzako ikastaro trinko eta azkar bat jaso dugu 107.7an. Jarraian dituzue solasaldi horiek entzungai.

 

Diseinu gomendioak

   


Makillaje gomendioak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak