Txatxilipurdik egoitza berria estreinatuko du ikasturte berrian, Nafarroa etorbidean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko ira. 10a, 23:03
Aurrekoa ia amaitu barik hasi du Txatxilipurdik ikasturte berria. Eta ikasturte berria berritasunez josia dator, horietako bat da egoitza berria. Izan ere, Pablo Urangako egoitza zaharraren lanerako egoera eskasak eta leku faltak eraginda, Udalarengana jo zuen gaztetxoen aisiaz arduratzen den euskara elkarteak.

Aurrekoa ia amaitu barik hasi du Txatxilipurdik ikasturte berria. Eneko Barberena elkarteko zuzendariak adierazi duenez, "hasi dugu gure maratoia". Ez zaio arrazoirik falta, izan ere, aurreko udalekuekin oraindik ere bueltaka dabiltza –balorazioak, materialaren kontatzea...– eta ikasturte berria gainean dute.  Hala, datorren abuztura arte –udalekuak amaitu arte, hain zuzen– "jo ta fuego" ibiliko dira, Barberenak azaldu duenez .
2009/2010 ikasturteari begira, berrikuntza nagusia izango da Txatxilipurdik estreinatuko duen egoitza berria. Azken urteetan Udalarekin berbetan ibili dira egungo Pablo Urangako egoitzaren inguruan. Barberenak aditzera eman duenez, egoitza zaharrak "ez ditu hainbat eta hainbat lan baldintza betetzen". Baldintzon artean, "sekulako hotza" aipatu du Barberenak. Bestalde, azken urteetan Txatxilipurdi asko handitu dela-eta, "lekuz oso oso larri" daudela adierazi du euskara elkarteko zuzendariak.

Data zehaztu barik
Txatxilipurdiren egoitza berria udaltzaingoa dagoen eraikin berean egongo da, lehengo Mankomunitatearen egoitzan, hain zuzen. Udaleko langileak ari dira azken lanak egiten eta Txatxilipurdikoek auzolan deialdia egingo dute, Barberenak jakinarazi duenez, "lekualdaketarako eta egoitza margotu eta atontzeko". 
Hasierako asmoa ikasturte berria egoitza berrian hastea zen baina, Barberenaren esanetan, "filosofiaz hartzea erabaki dugu, baina ea ahalik eta azkarren pasatzen garen egoitza berrira". Hala ere, ez dute egoitza berriaren inauguraziorako datarik zehaztu. Izan ere, Txatxilipurdiko zuzendariak aurreratu duenez, "egingo du egoitza berria inauguratzeko ekitaldiren bat". 

Ludotekak: Irailaren 14tik 25era, ate irekiak ludoteketan

Txatxilipurdik eskaintzen dituen ludoteka zerbitzuek –Usaetxe, Okendo eta Santa Marina– ate irekien jardunaldiak eskainiko dituzte irailaren 14tik 25era, interesatuta egon daitezkeen gurasoei begira. Hortik aurrera 3 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoek bertan jolastu, irteerak egin eta hainbat ekintza burutzeko hamaika aukera izango dituzte, euskaraz. Horrez gain, irailaren 15, 16 eta 17an guraso bilerak egingo dituzte. Irailaren 15ean Usaetxeko ludotekan egingo dute bilera, irailaren 16an Okendoko ludotekan, eta hilaren 17an, azkenik, Santa Marina auzoko ikastetxeko ludotekan. Bilera guztiak 18:00etan izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak