Txan magoa, tonbola eta Euro Elkartasun jokoa, zapatuan, Seberren

Ubane Madera 2009ko eka. 3a, 18:51
XI. Elkartasun Eguna antolatu du Harreman gobernuz kanpoko erakundeak. 10:00etarako ipiniko dituzte saltoki eta postuak Elkartasun Egunean parte hartuko duten gobernuz kanpoko erakundeek, Seberren. Etxekoen artean izango dira Komite Internazionalistak, NUBI, Serso-San Viator, Activos por un Mundo Solidario, Mundukide eta Harreman.

Ibarretik kanpokoen artean, berriz, Oldberri erakundeko ordezkaritza izango da Arrasaten, bigarren eskuko jantziak batu, berritu eta atzera ere salgai ipintzeaz arduratzen den Caritaseko ordezkariak, alegia. Eta horiekin batera, Nagusilaneko ordezkariek ere parte hartuko dute Elkartasun Egunean, "Gipuzkoan bazterkeria jasaten dutenen alde lan egiten duten erakunderen bat gonbidatu gura izan dugu", azaldu du Eusebio Arexolaleiba Harremaneko kideak.

Bestela esanda, zapatuan, Saharako tea, Kolonbiako txokolatea eta, adibidez, Afrikako kafea dastatu edo erosteko aukera eskainiko dute Seber Altube plazan, 10:00etan hasi eta 20:00ak bitartean. Hau da, bidezko merkataritzan oinarritutako produktuak. Eta horien artean, Iturbide egoitzako nagusiek egindako eskulanak izango dira salgai, eurek hala eskatuta, garapen bidean dauden herriei laguntzeko.

Tonbola, 10:00etatik

Horrez gain, tonbola ere ipiniko dute, "4.000 txartel atera ditugu; ea guztiak saltzen ditugun", dio Arexolaleibak. Dirua Ankurreko (India) umezurtz-etxera bideratuko dute. Tonbolan Ibai Arteko dendarien produktuak zozkatuko dituzte eta jakina, "20:30ean egingo dugu azkeneko zozketa, Eroski Bidaiaken sari berezia".

Bestalde, gaztetxoei begira, 11:00etan Txatxilipurdikoekin jolasak antolatu dituzte; 17:30etik 19:00ak arte Txan magoak saioa egingo die eta egun osoan, Arizmendiko DBHkoek Euro Elkartasuna ekimena egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak