TU Lankide aldizkaria: 50 urte, eta aurrera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urr. 6a, 22:13
Goi Eskola Politeknikoko areto nagusian egin dute TU Lankide aldizkariaren 50. urteurreneko ekitaldia. Espero baino jende gutxiago izan den arren, ekitaldi polita eta hunkigarria izan da eta bertan izan dira, besteak beste, Jose Antonio Ajuria eta Javier Marcos –egungo zuzendaria, 1980tik–, aldizkariko lantaldea ordezkatzen. Horrez gain, kooperatibismoaren lehen urratsak bertatik bertara ezagutu zuten pertsonaia historikoak ere izan dira; Jose Maria Ormaetxea, esaterako.

Ordubete iraun duen ekitaldian ez da zuzeneko musika falta izan. Musikaz gain, denetariko bideoak –bi pantaila jarri dituzte aretoan– izan dira ikusgai, hitza hartu duen bakoitzaren arabera pestatutako bideoak, hain zuzen. Hitza hartu dutenen artean izan dira, besteak beste, Agustin Markaide Mondragon taldeko kongresuko presidentea, Jose Antonio Ajuria TU Lankideko erredakzio kontseiluko presidentea eta Javier Marcos aldizkariko zuzendaria. 

Gainera, aldizkariaren 50. urteurreneko ekitaldian Juan Leibar lehen zuzendaria –Jose Maria Arizmendiarrietaren laguntzaile sutsu eta 1980ra arte zuzendari– omendu dute. Bestalde, iraileko alea ere banatu dute, 559. zenbakia, 50. urteurrenaren harira atera duten ale berezia.

50 urte, eta helburu berberak

Marcosek adierazi duenez, hasierako eta egungo helburuak ez dira aldatu. Hau da, kooperatibismoa indartu eta hedatzea eta Mondragon taldearen barruan dauden kooperatiben gaineko informazioa kooperatibistei helaraztea dira helburuak oraindik ere. Hori bai, etorkizuna "erronkez josita" datorrela eman du aditzera aldizkariaren zuzendariak, eta teknologia berrien eta batez ere internet-en iraultza izan du hizpide. 

Ezin da ahaztu TU (Trabajo y Unión) lankidek hilero ia 12.000 ale banatzen dituela, gurean zein nazioartean. Bada, azken aleko  –559. zenbakia da– azalak dioenez, "50 urte, eta aurrera" ("50 años, y adelante"). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak