Tokiko Gobernu Batzarra asteroko bilera dabil egiten

Astelehenero moduan, gaur Tokiko Gobernu Batzarrak asteroko bilera egingo du, arratsaldean. Obra kontuak landuko dituzte, enplegu eskaintzak eta hainbat dirulaguntza deialdi, besteak beste

Obra kontuei dagokienez, Zerkaosteta kalekoak berbagia izango dituzte. Izan ere, berez, irailaren 30ean bukatu behar zituzten Zerkaostetako lan guztiak, baina, obra horiek egiten dabilen Amenabar enpresak bukaera epea luzatzeko eskatu du eta horixe aztertuko dute gaurko batzarrean.


Enplegu kontuei dagokienez, berriz, 2007ko lan eskaintza publikoan aurreikusitako hainbat plaza hornitzeko hautaketa prozesuak deitzea aztertu beharko dute eta era berean, obra inspektorea praktikazko modalitatean kontratatzeko hautaketa prozesua eta saneamendu eta obretako teknikari baten bitarteko izendapena egiteko hautaketa prozesua deitzea ere aztertu beharko dute.

Dirulaguntzak

Bestalde, dirulaguntzei begiratuta, gaurko batzarrean lau dirulaguntza motaren gaineko deialdiak aztertuko dituzte. Batetik, gobernuz kanpoko erakundeei zuzendutako laguntza ekonomikoak onartzea proposatuko dute, lankidetza proiektuak bideratzeko. Bestetik, gizarte zerbitzuen arloan lan egiten duten talde eta erakundeei zuzendutako laguntza ekonomikoak onartzea proposatuko dute. Hirugarrenik, proposatuko dute Arrasateko Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteei zuzendutako laguntza ekonomikoak onartzea. Eta azkenik, proposatuko dute udal tasak ordaintzen laguntzeko laguntza ekonomikoen banaketa.

Horrez guztiaz gainera, bestelako gaiak ere landuko dituzte gaurko batzarrean. Esaterako, berbagai izango dute Leintz Ehiza eta Arrantza elkarteak egindako eskaera Kurtzetxikiko ehiza guneetan belar sastrakak garbitzeko. Eta berbagai izango dute, baita ere, Neikerrekin, Teknalia, nekazaritza Ikerketa eta Garapanerako Euskal Erakundearekin hitzarmena sinatzeko proposamena.

Bukatzeko, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren bidean, bigarren berdintasun planaren ebaluazioa, gaur egungo egoeraren diagnostikoa eta hirugarren berdintasunaren planaren diseinua egiteko zerbitzua esleitzeko proposamena aztertuko dute.





ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.