The Graffiti Classics: musika baino askoz gehiago

Txomin Madina Milikua 2009ko uzt. 19a, 22:03
Berez Monterron parkean zen The Graffiti Classics taldearen kontzertua, baina eguraldi petrala zela eta, azkenean Amaia antzokian egitea erabaki zuten. Bertaratu zirenek ederki asko pasatu zuten.

2001: A Space Odissey pelikularen soinu-bandako pieza ezagunenarekin ireki zuten kontzertua, eta hortik aurrera, festa eta erritmoa izan ziren nagusi. Taldeko lau kideek, bi neska eta bi mutilek, ausartak direla erakutsi zuten. Beldur gabe, euren biolin, biola eta kontrabaxuaren laguntzaz, Beethovenen bosgarren sinfonia dantzagarri bihurtu zuten; O sole mio edo Marilynek ezaguna egindako I wanna be loved by you abestiak jo eta kantatu zituzten eta argi utzi zuten sokazko instrumentuak tango, folk zein can-can piezak jotzeko ezinobeak izan daitezkeela. Ia uneoro zutik eta saltoka ibili ziren musikariak.

Musikari eta kantariak izateaz gain komiko bikainak direla ikusi ahal izan zen. Zentzu horretan, Oh Danny boy abesti irlandar hunkigarria kantatu zuteneko unea gogoangarria izan zen benetan. 

Ez da erreza kontzertu baten ikusleak lehen minututik poltsikoratzea, baina horixe gertatu zen Amaia antzokian: txaloka, abesten, barrez jarri zituzten bertaratutako 150 bat ikusleak eta lan horretan Cathal O'Duill taldekidea izan zen errudun nagusia. Kostako da berriz ere gure artean horrelako ikuskizun freskagarria izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak