Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Informatikako Fakultatearen ekimen batean oinarritzen da Mondragoneko proiektua. Sei pertsonek dihardute lanean, eta lau urtean 50 enplegu sortu gura dituzte. Bestalde, fakturazioa hiru milioi euro izatea aurreikusten dute.
Saludnova kooperatibaren egoitza Donostian dago, eta 565.000 euroko kapitalarekin sortu den kooperatiba mistoa da. Hain zuzen, bazkide langileek eta bazkide instituzionalek parte hartzen dute, besteak beste, Modragon Korporazioa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Arrisku Kapitala.
Telefono bidezko kontrola
Saludnovaren jarduera eremua telemedikuntza da, eta asmoa da une jakin batean edo aldizka, aldagai biometrikoak monitorizatzea behar duten erabiltzaileen urrutiko kontrola egitea. Horren harira, jarraipena egiteko, mugikor bati konektatutako hari bariko sentsoreak eta software bat erabiliko dituzte. Azken honek, erabiltzailearen egoera interpretatuko du, hainbat aldagai kontutan hartuta: tentsioa, bihotz eta arnas erritmoa, odoleko oxigenoa, tenperatura, glukosa eta elektrokardiograma, besteak beste.
Softwareak jasotzen dituen datuak kontrol gune batera bidaltzen ditu. Erabiltzaileak eta berak baimendutako pertsonek bertan jasotako datuak kontsulta ditzakete. Bestalde, Kooperatiba berriaren sortzaileek garbi utzi gura dute, telefono bidezko kontrol gunea ez dela famili medikuaren ordezkoa, bere lana errazteko erabiliko den bidea baizik. Telefonia mugikorreko ohiko teknologia erabilita, beste hainbat zerbitzu eskainiko ditu Saludnovak: erabiltzeaileari mezuak bidali, GPS bidez berehala aurkitzeko aukera eta tele-alarma zerbitzua, besteak beste.
Bi proba egin dituzte
Mondragonek martxan jarri duen kooperatiba berriak bi proba egin ditu dagoeneko, Eibarko Egogain egoitzan eta Donostiako Donostia ospitalean. Etorkizunari begira, Osakidetzako Lehen Mailako Atentzioko Gipuzkoa Ekialde Eskualdean eta Gurutzetako ospitalean, eta Galdakaoko etxeko ospitaleratzean probak egiteko negozioetan dihardute. Laster egingo dituzte beste proba batzuk.