Teknologia berrienak eskaintzen dituen markesina jarri dute ospitale ondoan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010eko abuztuaren 4a

Etorkizuneko markesina, horrela izendatu dute, Arrasaten, ospitale ondoan jarri duten markesina berria. Udalak Arrasate kristaldegiarekin lortutako akordioaren ondorioz jarri dute. Autobus aterpea ez da nolanahikoa; teknologia berrienak erabiliz erabiltzaileen erosotasuna bilatu gura du, hain zuzen. Besteak beste, irratia, wifi sistema eta autobusen ordutegia adierazten duen ukimen pantaila dauka markesina berriak.

Euskaraz eta gazteleraz ematen du informazioa markesinak. Nora doan autobusa hartu gura dugun adierazi behar da, geralekua adierazi, eta markesinak esango digu ordutegia.

Helburu bikoitza dauka

Arrasate Kristaldegia enpresak Arrasateko Udalari eskaini dio enpresak berak sortutako autobus markesina prototipoa bide publikoan jartzeko aukera. Helburua bikoitza da: batetik, bide publikoan markesinaren erabileraren benetako datuak izatea da eta, bestetik, Udalari teknologian aurreratua den ekipamendu bat eskaintzea gura da.

Eguzki plakak eta energia eolikoa

Eguzki plakak eta gailu eoliko bat dauka markesinak, markesinak berak eskaintzen dituen zerbitzuak martxan mantentzeko energia sortzeko balio dutenak. Hala, ez du instalazio elektrikoen beharrik, eta ondorioz, gastuak asko murrizten dira.

Oraingoz ez dago ekipamendu guztia martxan; asmoa da 2010eko irailean guztia martxan izatea.

Bi urteko akordioa

Akordioaren arabera, Arrasate Kristaldegia enpresak Udalaren eskura jarri du, doan, eta gehienez ere 2 urteko epean, enpresaren jabetzakoa den autobus markesinako prototipoa. Udalak ez du ezer ordaindu beharrik izan, bakarrik mantentze gastuak hartuko ditu bere gain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak