Teknikak ikasi eta norberaren buruan aplikatuz, gaztetxoak oso gustura dabiltza gore tailerrean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko ots. 5a, 17:05
Aratusteak gertu gaudenez eta azken hiru urteetako ohiturari jarraiki, Arrasateko Gazte Txokoak gore tailerretan mugilduta dabiltza. Aste osoan zehar ikasitakoa baliatuko dute bihar Aratusteetarako karroza egiteko. San Erguineko Gazte Txokoan egin dute hitzordua, goizean, eta herriko 'gaztetxokero' guztiak gonbidatu daude.

Gazte Txokoetako hezitzaileek bete-betean asmatu zuten duela hiru urte abiarazi zuten gore tailerrarekin. Iaz ere egin zuten eta urtez urte gero eta gaztetxo gehiago erakartzen ditu ekimenak. Lander Juaristi Gazte Txokoetako koordinatzaileak jakinarazi duenez, urtean zehar antolatzen dituzten hamaika ekimenetatik "arrakastatsuenetarikoa" bihurtu da gore tailerra. "Aratusteak gerturatzen doazen heinean gaztetxoek eurek eskatzen dute gore tailerra egitea" dio Juaristik.
Izaskun Garcia hezitzaileak erakusten dizkie oinarrizko teknikak, beste hezitzaile batzuen laguntzarekin. Eta gero, gaztetxoak dira euren irudimenaren jarioa askatzen dutenak. Beraz, denetariko karakterizazioak egiten dituzte, Juaristik uste duenez, "gero eta ikusgarriagoak" direnak.

Aratusteetako kalejirara
Gore tailerra Aratusteen bueltan antolatzen den ekimena da eta horregatik helburuetako bat da tailerreko teknikez baliatuz Aratusteetarako karroza egitea. Eta noski, behin eginda, datorren zapatuko –otsailak 13– Aratuste festan egingo den kalejiran ateratzeko asmoa dute. Iaz hilkutxa mugikorra egin zuten. Aurten, berriz, karroza bat baino gehiago egiteko asmoa dutela jakingo dugu...

Ekimena Aretxabaleta eta Eskoriatzara ere zabalduko da
Gore tailerrak izan duen arrakasta ikusita datorren astean Aretxabaleta eta Eskoriatzako Gaztelekuetan ere ikasiko dituzte oinarrizko teknikak. Eguaztenean, hilak 10, Aretxabaletako Gaztelekuan egingo dute gore tailerra eta hilaren 12an, berriz, Eskoriatzako Gaztelekuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak